2020ko uztaila.- Eraikuntza Industriaren Klusterrak (Eraikunek) Euskadin BIM metodologia ezartzeari buruzko lehen txostenaren emaitzak aurkeztu ditu. Txostena BIM Euskadi Behatokiak egin du.
Emaitza horien arabera, 2019an Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntza publikora bideratutako aurrekontuaren % 11,42 BIM metodologiarekin egin zen; hau da, eraikuntza-industriaren sektoreko balio-kate osoa barne hartzen duen eredu digital batean oinarritutako lan-eredu batekin. Guztira gauzatutako 167 proiektuetatik 15 egin dira BIM metodologiaren arabera.
BIM Euskadi Behatokia autonomia-erkidego batean sortu den lehena da. 2018an eratutako BIM Euskadi Batzordearen tresna gisa sortu da, metodologiak eskualdeko eraikuntzan eta obra zibilean duen pisua neurtzeko, nabarmentzeko eta haren ezarpena bultzatzeko, bai obra pribatuan eta bai publikoan.
Eraikunek eta North BIMek egindako lehen txosten horretan, eraikuntza publikoaren 2019ko datuak aztertzen dira, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ere hartu du parte lanketan. Hemendik aurrera, urtero argitaratuko dira horrelako txostenak, metodologiaren jarraipena eta ezarpena egiteko. Ondoren, eraikuntza pribatuko eta obra zibil publiko zein pribatuko datuak gehituko zaizkio azterlanari, eraikuntza-jardueren gaineko ikuspegi osoa lortzeko.
2019KO DATUAK
Eraikuntza-proiektuaren faseei erreparatuta, obra egikaritzearen fasean eta diseinu eta zuzendaritzakoan 6na proiektutan erabili dute BIM metodologia. Urruti geratu dira diseinuaren fasea, obra-zuzendaritzakoa eta laguntza teknikokoa, bakoitza proiektu bakarrarekin. Azkenik, proiektu batean ere ez da BIM metodologia erabili ustiapen eta mantentze-lanen fasean, erabiltzeko prest delakoan eta BIM ereduen sorkuntzakoan.
Eraikuntza-motari erreparatuta, metodologia erabili duten proiektuen artean ekipamenduetakoak dira ugarienak (6), eta, jarraian, etxebizitza-proiektuak (4), industriakoak (3) eta, azkenik, hirigintzakoak (2).
Lurraldeka, batez ere Bizkaian egin dute lan BIM metodologiarekin (lizitatutako 5 eurotatik ia 1ean erabili dute); hau da, lizitazioen aurrekontu osoaren ia % 15 metodo horren pean dago. Atzetik doakio Gipuzkoa, aurrekontu osoaren % 6,5ekin, eta, azkenik, Araba, non oraindik ez den lizitaziorik egin parametro horien pean.
Erakunde lizitatzaileen artean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila eta Sprilur dira BIM sistemaren aldeko apusturik sendoena egin dutenak.
Metodologia hori barne hartzen duten proiektuei dagokienez, % 31k soilik jasotzen du berariazko partida bat baldintza-agirietan, horretarako aurrekontu batekin.