Agerian geratu da BIM metodologia funtsezkoa dela eraikuntzaren industriak aurrera egin dezan, batez ere gaur egun, industriaren arlo guztiak hartzen dituen digitalizazioaren eta berrikuntzaren esparruan. Zure ustez, zenbateraino da garrantzitsua eraikuntza-industriako enpresek metodologia horri heltzea?
BIM metodologia eta digitalizazioa lotuta daude, eta biak funtsezkoak dira gure balio-kateko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko. Batetik, barrura begira, enpresen kudeaketa integrala erabat optimizatzen dutelako, berez, eta horrek lehiakorrago egiten dituelako enpresok, eta, bestetik, biak ala biak bat datozelako Europar Batasuna proiektuen digitalizazioari ematen ari den bultzadarekin. Hirugarren arrazoi bat ere badago: balio-kateko eragile guztiak eraikuntza-proiektu berean integratzea ahalbidetzen dute metodologia horiek, parte-hartzaileen arteko elkarrizketa eta harremana optimizatzen baitituzte, arkitektoarengandik edo ingeniariarengandik hasi eta eraikina eraikitzen duen edo mantentzen duen enpresaraino.
Agerian geratu da BIM metodologia funtsezkoa dela eraikuntzaren industriak aurrera egin dezan, batez ere gaur egun, industriaren arlo guztiak hartzen dituen digitalizazioaren eta berrikuntzaren esparruan. Zure ustez, zenbateraino da garrantzitsua eraikuntza-industriako enpresek metodologia horri heltzea?
Zer lotura dute metodologia horrek eta Eraikunek eraikuntzako klusterra den aldetik dituen estrategiak eta helburuek?
Bat datoz, bete-betean. BIM Batzordea eta Eraikuneren digitalizazio-estrategia eskutik doaz. Eraikuntza-industriaren klusterrean hainbat lehentasun finkatu ditugu gure enpresen modernizazioa eta lehiakortasuna lortzeko, hori baita gure helburua. Lehentasunetako bat jasangarritasuna da, bere izaera propioa duena, eta beste bat digitalizazioa. Azken horrek aukera ematen digu hainbat irtenbide bateratuz datuaren kudeaketa hobetzeko, prozesuak eta, oro har, sektore osoa optimizatzeko, teknologiaren ikuspegitik.
Gaur egun, zure ustez, nola dago txertatuta metodologia Euskadiko enpresetan? Zer motatako enpresetan darabilte? Eta eskualdeei erreparatuta?
Nolabaiteko desoreka dagoela uste dut. Diseinuan eta arkitekturan, adibidez, nahiko txertatuta dago, normalak diren arrazoiak tarteko; baina, produkzioarekin lotuago dauden arloetan, ez dago hain zabalduta. Enpresa askok kostuari bakarrik erreparatzen diote oraindik ere, denbora eta dirua inbertitu behar baitira. Egia da nolabaiteko bilakaera egon dela eta enpresek gero eta gehiago integratu dutela, eragin zuzena duelako haien produktibitatean. Horrek, jakina, beste enpresa batzuk erakartzen ditu.
Azken urteetan Eraikunek BIM Euskadiren jarduna eta ikusgarritasuna bultzatu ditu. Zergatik? Zer jarduera egin dira ildo horretan?
Digitalizazioaren aurrerabidea geldiezina da sektore guztietan, eta horixe da, hain zuzen, BIM metodologiari ematen diogun bultzadaren arrazoia. Eraikuntzaren kasuan, eraikuntza-prozesuaren izaeraren eta beharren neurrira sortutako teknologia da BIM. Administrazioak ere teknologia horretan inplika daitezen nahi dugu. Batetik, babes dezatela eta, bestetik, susta dezatela, lizitazioetan txertatuz eta haren erabilera dirulaguntzak emateko irizpidetzat hartuz. Azken batean, balio-katean eta administrazio publikoetan digitalizazioak dituen onurak ezagutarazi nahi ditugu, eta, aldi berean, egoera eta proiektuak ageriko egin. Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitzako zuzendaritza nagusiak, teknologia horren aldeko apustua egin duela deritzot, lehenik eta behin BIM Batzordea eta egiten duen lana babestuz, eta, gainera, BIM metodologia darabilten proiektuak eskatzen dituzten lizitazioak argitaratuz, enpresek metodologia txerta dezaten.
«BIM metodologia ERAIKUNEren bigarren oinarria da, digitalizazioa eta jasangarritasuna bateratzen dituena».
Ildo horretan, Eraikune apirileko Rebuilt azokan egongo da, iaz bezala, eta, horrela, BIM Euskadik bere lekua izango du standean. Zer ekintza daude aurreikusita?
Guretzat Rebuilt estrategikoa eta erreferentziazkoa da eraikuntza-sektorerako teknologiari dagokionez. Hori dela eta, Eraikunek presentzia nabarmena izango du azokan, eta gure standean hainbat gune izango ditugu. Alde batetik, gure enpresen gunea egongo da; bestetik, jasangarritasunari eskainitako lekuan material berriak, produktu berriak, hondakinen erabilera eta ekonomia zirkularra izango dira protagonista, eta, azkenik, digitalizazioaren gunean BIM Euskadi izango da ekimen nagusia.