«BIM metodologiari esker, sistema desberdinetako informazio guztia batzen duen aktiboen zuhaitza zehaztu dugu». Luis Marza, Hub Innovation to Market (HI2M) saileko zuzendaria SENERen
SENERen, nola sortu da proiektuetan teknologia berriak erabiltzeko beharra: adimen artifiziala, datu handiak (big data)…? Zer harreman dute teknologia horiek BIM metodologiarekin?
Guretzat, teknologia berriak erabiltzea ez da, berez, premia bat, helburu bat lortzeko bitartekoa baizik. BIM metodologia erabiltzearen helburua beti izan da 3D ikuspegia lortzetik haratago joatea. Eraikinaren edo azpiegituraren informazio guztia eskura izan nahi dugu, hori ustiatuz gure bezeroei efizienteagoak izaten laguntzeko.
BIM metodologia eta teknologia berriak uztartuta, orain urte batzuk pentsaezinak ziren bideak urratzeko aukera dugu; adibidez, diseinuaren ikuspegitik, ikaste automatikoaren bidez kostuak murriztu daitezke, eta, operazioan, karbono-aztarna gutxitu dezakegu parametro batzuk jarrita helburutzat. Baina, diseinutik haratago, operazioko eta mantentzeko fase batean ereduei buruzko informazio guztia azpiegiturako une bakoitzeko datuekin lotuz gero, azpiegituraren bizi-ziklo osoa ezagutuko dugu. Horri esker, azpiegiturak hasieratik izan duen bilakaera hartuko da kontuan, etorkizuneko erabakiak hartzeko, ez bakarrik uneko egoera.
Zer abantaila du proiektuak BIM metodologiarekin egin izanak, horrela egin ez izanaren aldean?
BIM metodologia datu-iturri gisa hartuta, urte batzuk dela konturatu ginen ezaugarri hori aprobetxa genezakeela metodologia gainerako sistemetan integratzeko, hala nola kontroleko eta mantentze-lanak kudeatzeko BMS (building management systems edo eraikinen kudeaketa sistemak) sistemetan, GMAOn (ordenagailuz lagundutako mantentze-lanen kudeaketan) eta ERPn (enterprise resource planning edo enpresako baliabideen plangintza). Gure asmoa beti izan da eredu birtualaren fideltasuna aprobetxatzea informazio espazialari eta inbentariatuari dagokienez. Bai BMSak eta bai GMAOak, aktiboen zuhaitz baten arabera egituratzen dira. Zuhaitz hori BIM eredutik zuzenean jaso genezakeela pentsatu genuen, alde batera utzita informazio osoa egituratzeko ohiko ariketa astuna —aktiboa ustiatzen hasi ondoren zehazten zen zuhaitz baten arabera egiten genuena—. Horixe izan zen antzemandako lehen abantailetako bat: GMAOa eta BMSa ezartzeko orduan BIM eredua oinarritzat erabiltzeko aukera.
Laster konturatu ginen BIM eredua etengabe aldatzen dela, bizi-zikloaren fase batetik besterako jauzietan. Diseinuan modelatzen dena ez da baliagarria eraikuntzan, eta as built delakoak ere ez du funtzionatzen ustiapenean. Zer ari zen gertatzen?
BIM tresnek diseinuan eskaintzen dituzten askatasun-mailak oztopo izan daitezke datuaren trazabilitatea bermatzeko eta eredu hori mantentze-irizpideen arabera egituratuta iristeko ustiapen-fasera. Beraz, lehenik eta behin, bizi-ziklo osoan zehar datuaren trazabilitatea bermatuko zuen metodoa bilatu genuen; hau da, egitura hori fase guztietan zehar ziurtatuko zuen formula.
Horretarako, nazioarteko sailkapen-sistema guztiak aztertu genituen (Uniclass, Uniformat, Omniclass, GuBIM…), ikusteko horietakoren batek ziurta zezakeen elementu, objektu edo sistema bakoitza ID bakar baten bidez katalogatuko zela, lortu nahi genuen zuhaitz-egiturari jarraikiz. Batek ere ez zuen funtzionatu. Orduan, KKS kodean oinarritutako kodifikazio-metodoa garatu behar izan genuen. Metodo horrek, kateaketa parametriko baten bidez, objektuak identifikatzeaz gain, beren sisteman, azpisisteman, lerroan eta ereduaren eremu espazialean kokatzen zituen. Metodologia hori bloke-kate (blockchain) bidez erregistratu zen 2021eko abuztuan, eta BIM eredu guztien aurrean aplika daiteke, haren jatorria edozein dela ere, birmodelatze edo azterketa gogaikarririk egin beharrik gabe.
Arazo hori eta BIM ereduak gainerako sistemekin integratzearen kontua konpondu ondoren, bigarren abantaila izan zen lan-fluxuetan edo mantentze-prozesuetan geratzen ari zena ikusteko aukera gehitu ahal izatea. Hala, egiaztatu dugunez, teknikaria gai da lan-agindu bat denbora-tarte laburragoan gauzatzeko, BIM ereduan ekipamenduak eta sistemak geoerreferentziatzeari esker. Martxan dauden erabilera-kasu batzuk ditugu, hala nola SIGMA (mantentze-lanen kudeaketa aurreratuko sistema adimenduna) eta SENER Office, espazioak kudeatzeko gure tresna —horren bidez erakundeak Espainian dituen gastuak, inbentarioa, pertsonak eta espazioak kudeatzen ditugu—.
Zeintzuk dira gainditu beharreko zailtasun nagusiak teknologia berri horiek laneko BIM ingurunean txertatzeko?
Gure esperientzia kontuan hartuta, galderaren norabidea beste hau izan beharko litzatekeela uste dugu: Zeintzuk dira gainditu beharreko zailtasun nagusiak teknologia berri horiek erabiltzen dituzten inguruneetan BIM metodologia txertatzeko?
Izan ere, BIM eredu batean AA edo datu handiak (big data) txertatzen saiatzeagatik benetako Frankensteinak ikusten ditugu. Gakoa da datu-eredu bat eraikitzea BIM, ERP, GMAO, BMS eta bestelako baliabideekin, eta eredu horri AA, big data edo halako teknologiak ezartzea. Bestela, sarritan gertatzen da BIM eredu hormonatuak ikusten ditugula, tonaka informazio gehitu nahi izan zaielako, jakinda informazio hori jada badagoela beste sistema edo datu-base batzuetan jasota. Ondorioz, horrelako kasuetan, teknologia berriak ezartzea oso garestia da, eta ez da oso garagarria.
«BIM eta teknologia berriak uztartuta, mundu oso interesgarriak esplora ditzakegu»
Nori egiten dio mesede, nagusiki, muturretik muturrerako (end-to-end) konponbide bat erabat txertatuta izateak? Zergatik eskatzen dira hainbeste gaur egun?
Teknologia hemen dago jada, eta lehen bideraezinak ziren gauza asko egingarriak dira orain. Gainera, sarritan, datuak eskuragarri egoten dira. Beraz, teorian, erraza izan beharko luke teknologia berri horiek ezarri ahal izatea gure diseinuen efizientzia hobetzeko, edo operazioan eta mantentze-lanetan. Informazio hori guztia silo independenteetan dagoenean sortzen da arazoa, silo bakoitzak bere hornitzailearen softwarea duelako eta bere kasu partikularraz bakarrik arduratzen delako.
Ildo horretan, erabat integratuta dagoen muturretik muturrerako irtenbideak aukera emango du informazioa ahalik eta gehien ustiatu eta prozesuak hobetzeko, eta, horrela, enpresaren ustiapen-emaitzak hobetzeko. Gaur egun, kontu jakina da digitalizazioaren eta datuen ustiapenaren bidez onura oso interesgarriak lor daitezkeela; adibidez, energia-fakturan aurreztea eta langileen produktibitatea hobetzea. Informazioaren ustiapenean erabat txertatuta dagoen irtenbidea ari dira eskatzen enpresak, gero eta gehiago, eta horretan BIM metodologiak egiteko oso garrantzitsua du, sistema desberdinetako informazio guztia batzen duen aktiboen zuhaitza izatea ahalbidetzen baitu.
«Informazioaren ustiapenean erabat txertatuta dagoen irtenbidea ari dira eskatzen enpresak, gero eta gehiago».
Zer balio bereizgarri du zure (SENERen) ikuspegiak horrelako lanei ekiteko orduan?
Puzzle horren zenbait zati oso ondo egiten dituzten enpresak aurkitu ohi ditugu merkatuan. BIM modelatzean oso indartsuak diren enpresak ditugu, beste batzuk sistemen integrazioan nabarmentzen dira, analitika aurreratuaren garapenean sendo daudenak ere badira, eta abar. Gainera, sarritan, askotariko eremuetan dihardute zeregin horretan, eta, ondorioz, ahalegin handiagoa egin behar izaten dute irtenbideak ezarri eta konfiguratzeko, ez baitaude bezeroaren negozioan espezializatuta. SENERen, muturretik muturrerako irtenbidean bilatu dugu bikaintasuna, lantzen dugun eremuari buruz dugun ezagutzan oinarrituta.
«BIM metodologia erabiltzearen helburua beti izan da 3D ikuspegia lortzetik haratago joatea. Eraikinaren edo azpiegituraren informazio guztia eskura izan nahi dugu, hori ustiatzeak efizienteago izaten lagunduko digulakoan»
Kontatuko diguzu mota horretako irtenbideekin izan duzuen esperientzia zehatzen bat?
Bada bereziki harro sentiarazten gaituen kasu bat: SENERen egoitzan (Tres Cantos, Madril) dugun laborategi teknologikoa. Irtenbide erabat integratua ari gara bertan lantzen, eta proiektu horretan BIM funtsezko pieza da, ardatza. Gure egoitzak 9 eraikin ditu, eta, horietatik, 7 konektatuta daude, eta 2 isolatuta. Gure eraikin guztien BIM ereduak ditugu. Eredu horiek datuekin hornitzen dira, denbora errealean, eta enpresako departamentu guztiek erabiltzen dituzte. Esate baterako, Pertsonen Zuzendaritzarekin lotuta daude, langile bakoitzaren lanpostua identifikatzeko; era berean, interkonektatuta dugu RESPIRA® sistema, aire-girotzeko sistemen kudeaketa adimenduna egiteko, BIM ereduen datuak erabiliz; denbora errealean datuak atzitzeko, IoT sentsoreen bidez, eta langileen sentsazio termikoei buruzko gogobetetasunaren berri izateko, aplikazio mugikor bidez.
Bestalde, azpiegituren eremuan, ACROT irtenbidea dugu, tunelak egiteko makinak erabiltzen dituzten eraikuntza-obretarako garatu duguna. Irtenbide hori erabili dugu, besteak beste, Bartzelonako Familia Santuaren basilikatik igarotzen den abiadura handiko linean, Mexikoko Guadalajara hiriko metroaren 3. linean eta Brasilgo Fortaleza hiriko metroaren ekialdeko linean.
Beste irtenbide bat RESPIRA® da, aire-girotzeko sistemen kudeaketa egokia egiteko adimen artifizialezko sistema. Kontrol-sistemekin konektatuta dago eta, ikaste automatikoko (machine learning) algoritmoen bidez, sistemaren operazioa optimizatzen du, energia-kontsumoa murriztuz eta konfort termikoa zein airearen kalitatea hobetuz. RESPIRA® irtenbidea martxan da, adibidez, Bartzelonako metro-sare osoan, Valentziako Manises aireportuan eta Bilboko Azkuna Zentroko erabilera anitzeko gunean.
Energiaren eremuan ORUGA softwarea dugu. Lursail batean instalazio fotovoltaikorik errentagarriena diseinatzeko aukera ematen du, eta benetan baliagarria da orografia malkartsuko lursailetan. EMS (Energy Management System) da lantzen ari garen asmo handiko beste irtenbide bat. Instalazio edo mikrosare bateko energia-aktibo elektriko eta termikoen funtzionamendua optimizatzea du helburu.