«BIM METODOLOGIA FUNTSEZKOA DA ERAIKUNTZA-SEKTOREA INDUSTRIALIZATZEKO»

8 de uztaila de 2022

"

«PRESTAKUNTZA, DIGITALIZAZIOA ETA LIZITAZIOA DIRA BIM METODOLOGIAREKIKO ATXIKIPENA HANDITZEKO HIRU PIZGARRI NAGUSIAK», Pablo GarcÍa Astrain, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturarako zuzendaria 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila da, ERAIKUNErekin batera, BIM Euskadi Batzordearen sustatzailea eta metodologiaren bultzatzailea eraikuntza-sektorean. Sailaren eskumena da, baina baita nahia ere, BIM metodologia are gehiago sustatzea eta enpresetara zabaltzea. Hala adierazi du Pablo García Astrainek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariak, egin diogun elkarrizketan. 

Zuzentzen duzun Etxebizitza Zuzendaritzan, zer leku du BIM metodologiaren sustapenak? 

Nire ustez, administrazioa aitzindari izan behar da berrikuntzan, eta horixe da BIM metodologiaren esparrua. Proiektu estrategikoa da guretzat. Egokia iruditu zitzaigun ERAIKUNE izatea BIM Batzordearen dinamizatzailea, eta, hortik aurrera, BIM metodologiak barne hartzen dituen arlo guztiak zentralizatzea. Bestalde, digitalizazioa da gure erronketako bat, eta, ildo horretan, BIM metodologia lagungarria zaigu erronka horiei heltzeko. 

Zeintzuk dira eraikuntza-sektorearen hurrengo erronkak zure sailean? 

Industrializatzea da lehentasuna. Sektorea (eraikuntza), gainera, maskulinizatuta eta zahartuta dago, eta orekatu beharra dago. Teknologia berriak funtsezkoak dira gazteak erakartzeko. Beraz, digitalizazioa erabakigarria izango da industrializazioari ekiteko. Produkzio-prozesuak aldatzeaz baino gehiago, berrantolatzeaz ari gara. 

Epe jakin bat dago erronka horiei heltzeko? 

2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Planean jasota badaude ere, zaila da epea zehaztea; dena den, egoerari buelta ematea da helburua. Legealdi-amaierarako, Etxebizitza Zuzendaritzaren proiektuen lizitazio guztietan BIM metodologia izan nahi dugu txertatuta. 

«ADMINISTRAZIOEK BIM METODOLOGIA DARABILTEN LIZITAZIOAK UGARITUKO DITUZTE HORREN ONURAK EZAGUTZEN DITUZTENEAN» 

Sektorearen eskakizunen artean daude, esate baterako, obra publikoa bultzatzea, izapideak arindu eta burokrazia gutxitzea, eta prestakuntzarako laguntzak. Gai horiek zer leku dute zure agendan? 

Prestakuntza Etxebizitzaren Gida Planean jasota dago, eta aipatu dudan gaztetze-ildoarekin lotuta. Hain zuzen, orain aterako ditugun baldintza-agirietan langilerik gazteenak balioztatuko dira, lehiaketan parte hartuko duten enpresetan LH dualeko ikasketak egin dituztenak. Gehiegizko burokraziaren gaiari helduta, bat egiten dut errebindikazio horrekin, eta onartzen dut administrazioak berak ere pairatzen duela arazo hori. Gizarte garaikideen joera indartsua dela uste dut, guztia geldotzen duena, tamalez. Obra publikoa bultzatzeari dagokionez, pandemiaren ondoren eta Europar Batasuneko, Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako erresilientzia-funtsekin, horretarako une egokia delakoan nago. Edonola ere, sail bakoitzak bere ardura eta proiektuak ditu. Garrantzitsuak izango dira, halaber, birgaitze-lanetarako funtsak. Lan horiek, berez, ez dira obra publikoak, baina laguntza publikorik gabe ezingo lirateke gauzatu. Laguntzen «tren» hau hartu behar dugu, pandemiaren aurreko birgaitzeen erritmora itzultzeko, eta gainditzeko. 

Azken hiru urteetan BIM Euskadik jauzi kualitatiboa egin du, baita beste autonomia-erkidego batzuekin alderatuta ere; zerbait falta da lortzeko?   

Badakit unibertsitatean eta lanbide-heziketan irmotasunez ari direla BIM metodologiako prestakuntzaren gaia lantzen, eta zentzuzkoa da; izan ere, sektorea modernizatu eta digitalizatu dadin nahi badugu, trebatu egin behar dugu. Zertarako balioko luke arauak jartzea, gero enpresek eta bertako langileek ezin badituzte bete prestakuntzarik jaso ez dutelako? 

Oro har, pozik nago egiten ari garenarekin. Dena den, BIM Behatokia lorpen garrantzitsua dela uste badut ere, txostenak argitaratzeko prozesua arintzea falta da, zeregin hori administrazioaren erritmoetara egokitu baita eta pandemiaren eraginez nahi baino gehiago geldotu baita. 

Pizgarriak eta laguntza publikoak erabakigarriak dira metodologiaren aurrerabidea bultzatzeko; horretan bat datoz BIM metodologiaren erabiltzaileak. Zer nolako laguntzak daude gaur egun? 

ERAIKAL programaren barruan, BIM metodologiaren inguruko ISO 19650 araua ezartzeko laguntzak ditugu. Bestalde, aipatu dudanez, gure saileko proiektu guztietako lizitazioetan txertatu dugu, eta prestakuntzarako laguntzak ere badaude. Bat datozen pizgarrien sistema da: batetik, lizitazioak daude, eta, bestetik, ziurtagirien eta prestakuntzaren eskakizunak. «Seinaleak» igortzen saiatzen gara, sektoreak jakin dezan merkatuan nola mugitu behar duen. 

BIM Behatokitik ikusi dugunez, administrazio batzuek obra asko sustatzen dituzte, baina oraindik ez dituzte proiektuak BIM metodologiarekin lantzen. Zer egin dezakegu beste administrazio batzuek ere erabil dezaten? 

Ez dut uste administrazioek BIM metodologia besterik gabe sustatu behar dutenik; proiektuan izango dituen onuretatik sortu behar da harekiko interesa. Gu, Etxebizitzako Sailburuordetzan, alokairuko etxebizitza-poltsa handi bat urteetan zehar kudeatu behar genuela ikusi genuenean konturatu ginen hortaz. Kasu horretan, BIM oso tresna erabilgarria da eraikinen bizi-zikloa eta mantentze-lanak kudeatzeko. 

Hori da lortu behar dena, beste administrazio batzuei ikusaraztea metodologia erabilgarria dela beren jardueretarako. Kontuan hartu behar dugu lan egiteko ohiturak aldatzeaz ari garela, eta, horretarako, denbora behar da, protokoloak digitalizatu behar dira, lankidetza ezarri behar da lan-sistematzat eta abar. Eta ez da erraza. Guretzat baliagarria izan da barruko elkarlanean sakontzeko. BIM metodologiari esker, Etxebizitzako Sailburuordetzako organo sustatzaileen artean egin dugu hori, alokairu sozialaren arloan, eta kudeaketaren eta herritarren mesederako izan da. 

BIM metodologiak eta digitalizazioak arrakala eragin dezakete aurreratuago eta atzeratuago dauden enpresen artean; nola bultza daiteke gaia modu orekatuan? 

Inor ezin da atzean geratu. Sektore osoak hartu behar du modernizaziorako bidea, horixe da asmoa. Enpresa handiak izan behar dira bultzatzaileak, beren Berrikuntzako eta I+G arloko departamentuetatik. Enpresa txikiak ezin dira atzean geratu, eta badakigu metodologia horrek denbora eta baliabideak inbertitzea eskatzen duela. Horregatik, hain zuzen, ETEek eta mikroenpresek ere eskura ditzakete martxan jarri ditugun laguntzak. Metodologia hori erabiltzeak enpresarentzat duen interesa eta itzulkina argi ikustea da kontua. 

Nabaritu duzue hobekuntza Sailean aurkezten diren proiektuetan, eta BIM metodologiaren ondorioz dela iruditzen zaizue? 

Proiektuak egikaritzeko fasea goizegi da halakorik esateko, eta ez dugu nahikoa datu, ezta esperientzia ere, hobekuntza egon dela ziurtatzeko. Kontu berria da, eta ez dut uste inork ziurta dezakeenik aurrerapen jakin bat egon dela, inork ez baitu metodologia horrenbeste menderatzen. Tresna hain handiak eta horrenbeste aukera eskaintzen dituztenak erabiltzen ditugunean, arrisku nagusia izaten da batzuetan prozesuak murrizteko joera egoten dela, prozesuak erraztera eta pobretzera jotzen dela. Behin teknika menderatzen denean, orduan loratzen da. Teknologia berri bakoitzarekin, gauzak egiteko, diseinatzeko eta eraikitzeko beste modu bat sortzen da, eta horretan gabiltza. 

Bukatzeko, teknologia horri dagokionez, zer bereizten du BIM Euskadi beste eskualde batzuetatik?  

Ez dut gustuko konparazioak egitea, ez autokonplazentzia ere; halere, iruditzen zait eraikuntza-sektorea Euskal Autonomia Erkidegoan industrializatuago eta aurreratuago dagoela beste eskualde batzuetan baino. Industria hurbil duelako edo ibilbideagatik izango da; baina, nire ustez, hemen hobeto eraikitzen da. Eta hori abiapuntu onuragarria izan daiteke, industrializazio-maila handitzeko bidean. 

Aipagarria iruditzen zait, halaber, luzaroan indarrean izan diren babes ofizialeko etxebizitzen politikei esker lortu dela egoera hobe hori. Politika oso zorrotzak izan dira, eta etxebizitza librearen aurrean kontrol handia ezarri zaie hamarkada askotan. Horrek aldaketa kualitatiboa ekarri du oro har, eta, bereziki, eraikuntza-sektorearentzat.