Construcciones FHIMASA SA enpresak hiru negozio-lerro nagusi ditu, duela 55 urte sortu zenetik: obra zibila, eraikuntza eta mantentze-zerbitzuak. Azken horien barruan, bi arlotan espezializatu da: batetik, oinezkoentzako guneen irisgarritasunean zein mantentze-lanetan, eta, bestetik, edateko uraren hornidura-sistemak optimizatzen.
Instalatutako mantentze-sistemek ehunka kilometro hodi dituzte, dozenaka biltegi, ponpaketak, erregulatzaileak… Ezinezkoa litzateke horiek guztiak kontrolatzea sentsoreak erabili gabe.
Datu-sareak (ADSL) eta telefonia mugikorra (SMS, GPRS, 3G…) iristean, FHIMASA telekontrolerako sistemak ezartzen hasi zen. Horiei esker, urrutitik jasotzen hasi zen askotariko sentsoreek (emari-neurgailuek, presostatoek, kalitate aztergailuek eta abarrek) igorritako datuak. Sistema haiek SCADA (industria-automatizazioko eta -kontroleko tresna) teknologian oinarrituta zeuden, komunikazioa ez zen etengabea, ez ziren sistema irekiak (ezinbestekoa zen sentsoreen eta plataformaren arteko bateragarritasuna), segurtasun-arazoak zituzten, eta abar.
Instalatutako ehunka sentsorek igorritako milioika datu interpretatu eta aztertzea izan zen hurrengo erronka. Ez zen lan erraza datuen hasierako garbiketa egitea (gaintentsioek edo neurketa okerrek eragindako akatsak ezabatzea, komunikazio-etenen kasuetan datuak zenbatestea eta abar), eta are gutxiago datu horiek gure esku-hartzea eskatzen zuen egoera anomaloren bat adierazten ote zuten asmatzea (Bilboko sistemak, adibidez, 500 kilometrotik gorako hodi-sarea zuen, eta 350.000 erabiltzaile baino gehiago, eta, beraz, baldintzak oso aldakorrak ziren… goizeko 8:00etan emariak normalak izan zitezkeen eta 15:00etan, berriz, kezkagarriak).
Big dataren (datu handien) etorrerarekin, gure teknikariek zehaztasun eta efizientzia handiagoz lan egiteko aukera izan zuten: ezarritako sistema gai zen konpondu beharreko intzidentziak antzemateko, era autonomoan, eta, are gehiago, ikasteko gai zen. Adibidez, sistemak intzidentziaren bat antzeman ondoren guk egoera hori normal gisa baliozkotuz gero, gorabehera horrek ez zuen gehiago alarmarik piztuko (baldintza berberetan). Gainera, alarma posta elektronikoz eta SMS bidez bidaltzeko gai zen, besteak beste; horri esker, ez zen beharrezkoa kontrol-zentroak etengabe ikuskatzen ibiltzea.
5G delakoarekin IoT (Gauzen Internet) teknologia ezarri ahal izan genuen gure urrutiko aginteko eta kontroleko sistemetan. 2021ean jarri genuen abian lehenengo saiakuntza pilotua, teknologia hori ur-biltegi batean eta iturri apaingarri batean aplikatuta, hain zuzen. Gerora, ureztatze-sistemetan, ekaitz-andeletan, ponpaketetan, komun publikoetan, hiri-hondakin solidoak biltzeko sistemetan eta beste batzuetan erabili dugu. Proba pilotuaren emaitza arrakastatsua izan zenez, gaur egun Bilboko hornidura-sistema osoan ari gara ezartzen IoT plataforma berria. Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu zuen proiektua, 2021eko Trantsizio Digitala eta Berdea Programaren esparruan. Era berean, Federrek lagundutako finantzaketa izan zuen, eta CEBEK DESTINO 2030 HELBURU saria jaso zuen. Proiektuen eta/edo ekimen berritzaileen bidez #2030agendako helburuak lortzen lagunduko duten eraldaketak bultzatze aldera, ildo horretako jardueretan nabarmendu diren Bizkaiko ETEak aintzatesten ditu sari horrek.
2022an, gure arkitektura-taldeak —BIM metodologia eraikuntza berrietako eta eraikinak birgaitzeko proiektuetan aplikatzen eskarmentu handia duen lantaldeak— proposatu zigun metodologia hori gure mantentze-zerbitzuetan ezartzea, proiektuaren dimentsio guztietan aplikatzea funtsezkoa delakoan, batez ere honako hauetan:
- 6D (6. dimentsioa), jasangarritasuna, jarduera eta errendimendua: kargak eta argiztapen naturala kalkulatzeko simulazio energetikoak eta bizi-zikloaren analisia, BIM eredu bakar batetik abiatuta.
- 7D (7. dimentsioa), mantentzea: eraikinaren edo azpiegituraren funtzionamendu egokirako informazioarekin hornitu genuen as-built eredua.
Ordutik, mantentzeari dagokion 7. dimentsioa barne hartzen duten hainbat proiektutan erabili dugu BIM metodologia:azpiegiturak lehendik ere bazeudenez, haien 3D modelatzea egitea izan zen lehenengo pausoa, gure droneetako batek sortutako puntu-hodeia oinarritzat hartuta.
Jarraian, plataforma beste zerbitzu batzuetara konektatu ahal izateko prestatu genuen, besteak beste, honako hauetara:
- Informazio-gordailua: azpiegiturako elementu bakoitzean erabilerari buruzko informazioa, beharrezko segurtasun- eta osasun-neurrien ingurukoa, fitxa teknikoak, prebentziozko eta zuzentzeko mantentze-lanetarako prozedurak eta abar azalduko dira.
- IoT plataforma: sistemak urrutiko aginteko eta kontroleko plataformarekin konektatzeko aukera ematen du. Hala, inbentarioan dagoen sentsore bat aukeratzean, une bakoitzean erregistratzen duen balioa denbora errealean ikustea ahalbidetzen du plataformak. Datu handien (big data) bidezko aplikazioak erabakiko du balio horiek anormalak diren ala ez.
- Errealitate areagotua/errealitate birtuala bistaratzea: aipatutako informazio guztia errealitate areagotuaren eta birtualaren bidez bistara daiteke (sentsoreen balioak, mantentze-lanetarako jarraibideak eta abar).
- Mantentze-zerbitzua kudeatzeko aplikazioarekiko lotura:
Bulego-eraikina
FHIMASAren egoitza berria BIM metodologiarekin diseinatzen ari dira goitik behera, dimentsio guztietan:
- 3D (3. dimentsioa), geometria: hiru dimentsioko ereduak garatzea arkitekturako, instalazioetako eta egituretako diziplinetan, LOD 500 garapen-mailaraino; hortik abiatuta, errealitate birtualeko eredu funtzionala garatuko da.
- 4D (4. dimentsioa), denbora: eredu tridimentsionalari denboraren osagaia gehitzea, obrak planifikatu eta faseka antolatzeko.
- 5D (5. dimentsioa), neurketak eta kostuak: BIM eredua datu-base gisa erabiltzea neurketak eta aurrekontuak egiteko.
- 6D (6. dimentsioa), jasangarritasuna, jarduera eta errendimendua: simulazio energetikoak, kargak eta argiztapen naturala kalkulatzekoak, eta bizi-zikloaren analisia, BIM eredu bakar batetik abiatuta. Eredu hori erabiliko da eraikinaren benetako energia-kontsumoak kalibratzeko oinarri moduan.
- 7D (7. dimentsioa), mantentzea: eraikinaren funtzionamendu egokirako informazioarekin hornituko da as-built eredua, geometria, fitxa teknikoak eta energia-kontsumoak kudeatzeko plataformarekiko loturak barne.
Ruben Fernández Luna
Negozio Garapeneko eta Berrikuntzako zuzendaria FHIMASAn