BIM DICTIONARY: LINGUISTIKA ERE GARRANTZITSUA DA, DAVID BARCO
Bizitzan eta lanbide-jardueretan teknologiek duten etengabeko bilakaera dela eta, teknizismoz, akronimoz eta bestelako hitz potoloz inguratuta gaude, eta horiek ezagutu egin behar ditugu, nola edo hala, etengabe mugitzen eta aldatzen ari badira ere. BIM metodologiarekin batera, askotariko joera disruptiboak ari dira azaltzen, hala nola eskaneaketa-prozesuak eta puntu-hodeiak, murgiltze-munduak (errealitate areagotua, errealitate birtuala, errealitate mistoa, murgiltze-errealitatea, errealitate sentsitiboa, metabertsoak), blockchaina (bloke-katea), 3D inprimaketa eta abar. Horiek guztiek handitu egiten dute teknologiak berezko duen konplexutasuna.
Esparru horretan, eta hizkuntza egokia —teknizismoen mailan zein kulturari dagokionez—eskuragarri izateko beharrari erantzuteko, «BIM Dictionary» dokumentua sortzeko premia ikusi zen. Pozgarria izan da niretzat dokumentu horren lanketan parte hartzea, gaztelaniazko lantaldeko buru gisa.
Terminologiaren arazoari aurre egiteko mundu-mailan gauzatu den ekimenik garrantzitsuenetako bat da. Beste hiztegi, glosario edo tresna batzuekin batera, beharrezkoa den ezagutza ahalbidetuko digu, edo, gure «BIM hizkuntza» hobetzen hasteko nora jo jakingo dugu, bederen.
BIM DICTIONARY
«BIM Dictionary» (BIMdictionary.com) proiektua 2015a baino lehen abian jarritako nazioarteko ekimena da. BIMe Initiative egitasmoaren esparruan garatu da, Bilal Succar arkitekto doktorea buru dela. Baliabide fidagarria lortzeko eta AECO (Arkitektura, Ingeniaritza, Eraikuntza eta Jabeak) sektorearen ingurunean sarritan erabiltzen diren terminoen ulertze partekatua ahalbidetzeko ahalegina izan da. Ekimenean ehunka termino lotu dira haiei buruzko deskripzioekin eta aztertutako itzulpenekin. Adituek berrikusitako erreferentziazko dokumentua da, gidetan eta online tresnetan erabiltzekoa. Beraz, lan profesional eta akademikoa da.
BIM Dictionary hiztegian 810 termino —hitzak, deskripzioak, sinonimoak eta laburdurak— jaso dira (2023ko urtarrilera arte). Termino horietako batzuk beste hizkuntza batzuetara itzuli dira, nazioarteko boluntarioen lanari esker. Boluntario-lantaldeak 27 dira guztira, baina artikulu hau idatzi den egunera arte hiztegia hiru hizkuntzatan bakarri dago osorik eskuragarri: ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz.
Proiektua estandarizatuta dago, gidak eta prozesuak erabat zehaztuta ditu —eta etengabe eguneratzen—, eta helburu hauek ditu: glosario irisgarri eta erabilerraza sortzea, berrikuntza digitalaz hitz egin eta sustatzeko beharrezkoak diren terminoekin; termino horien ikerketan oinarritutako deskripzioa ematea, hautatzeko, sartzeko eta baztertzeko arau argien arabera; munduko hizkuntza askotarako itzulpenak eskaintzea, merkatuen arteko lankidetza sustatze aldera; erreferentziazko material fidagarria eskura izatea adituen arteko lankidetzaren bidez, eta baliabidea online erabilgarri izatea webguneetarako, blogetarako, tresna digitaletarako eta dokumentuetarako.
Edizio orokorraren prozesuan edizio-protokolo batzuk betetzen dira, eta talde editorial bat arduratzen da kudeaketaz. Talde horretako kide dira argitaratzaileen burua, argitaratzaile laguntzailea, koordinatzaile komunitarioak eta argitaratzaile-talde bat hizkuntza eta herrialde bakoitzeko.
«SPANISH BIM DICTIONARY» TALDEA
Zenbait hizkuntzatako taldeak (argitaratzaileak, editorekideak eta orraztaile independenteak) lanean ari dira gaur egun, eta BIM hiztegiko lehentasunezko hainbat termino-multzo itzuli dituzte edo horretan dihardute. Gaztelaniazko taldea izan da termino guztiak itzuli dituen gutxienetako bat.
Victor Roig Segurak zuzendu zuen taldea 2019ra arte, urte horretan hartu bainuen haren lekua, atseginez, editore-taldea sortzeko ardurarekin. Madrileko eta Valentziako Universidad Europeako BIM Manager graduondokoaren lankidetzarekin sortu genuen aditu taldea, kide hauekin: Victor Roig Segura, (editorekidea), Bimetric Lab Spain; Marco Zúñiga Paredes (editorekidea), Bimclash; Alvaro Velasco Cabello (editorekidea), Consultoría CTE and Ms; Yenny Constanza Mancera Hernandez (editorekidea), BIGPROCHIP; Edgar Lagos Casado (editorekidea), Ingenieros Industriales de Andalucía Occidental, eta Belen Ripoll Salas (kanpoko editorea), Acciona Producciones y Diseño.
Prozesu osoak ia hiru urte iraun du, borondatezko lan hori 2022an bukatu baitzen. Bilal Succar-en taldeak diseinatutako protokoloa geneukan; alabaina, «Ontologia» izeneko irizpide gramatikalen azterketa sortu behar izan genuen, hainbat alderdi kontrolatzeko: puntuazio-markak, ohiko itzulpen-akatsak, erreferentziak egiteko moduak eta zuzenketa gramatikal, ortografiko eta tipografikoak.
Azkenean, 810 termino itzuli dira eta 20 orrazte-txanda baino gehiago egin dira. Horrenbestez, gaztelaniaz mintzo diren BIM erabiltzaile guztiek tresna garrantzitsua dute erabilgarri. Bukatzeko, eta lan hau biribiltzearren, Euskadiko profesionalak animatu nahi ditut lekukoa hartu eta BIM Dictionaryren euskarazko edizioa egitera.