BIM metodologiarako bideak

2023ko urriaak 25

"

«Azpiegitura handiek BIM metodologiari heldu diote, eta ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko egokitu dute. Horrelako zenbait esperientzia ikusi ditugu jada, eta egunez egun gero eta gehiago dira.  

Duela aste batzuk jakinarazi zenez, Kantabrian eraikitzen ari dira BIM metodologia darabilen lehenengo errepidea. Euskadin, berriz, duela bi urte ekin zitzaion BCC (Bizkaia Connected Corridor) «errepide adimendunen» proiektuari. Pepe Garcíak El País egunkarian argitaratutako artikulu interesgarrian esaten denez, BIM metodologia azken urteetan obra zibilean gertatutako iraultza teknologiko handia da.  
Beraz, martxan da BIM teknologiarekin eraikiko den lehenengo errepidea. Kantabriako Polanco eta Santander udalerriak lotuko ditu, eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak sustatu du; izan ere, 10 milioi eurotik gora bideratu ditu Europako funtsekin finantzatuko den proiektura. 
Lehenengo fasean «modelizatu egingo da proiektua, obraren fasean erabiliko den BIM eredua lortzeko». Fase hori burututa, hurrengo pausoa izango da aipatutako metodologia obra-kontratuan ezartzea, koordinatzea eta horren jarraipena egitea. Ondoren, errepideen eraikuntzarekin lotutako beste kontratu batzuetan ere BIM metodologia erabiltzeko aukera baloratu eta aztertuko da. 

Bestalde, Euskadin, BCC (Bizkaia Connected Corridor) dugu aurrekari berritzaile eta estrategikoa. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Tecnaliaren proiektu horretan aurreikusten denez, 57 kilometroko autobide-tartean korridore kooperatiboa sortuko da; hau da, errepide-zati hori digitalizatuta eta sentsorizatuta egongo da. Bertan, enpresek mugikortasun autonomo, konektatu eta kooperatiboko (CCAM) teknologia aitzindariak eta azpiegitura adimendunak probatu ahal izango dituzte. 

BCCren helburuen artean dago errepide-sarea digitalizatzea zenbait teknologia ezarriz. Horietako bat garraio-sistema adimendun kooperatiboak (C-ITS) dira; ibilgailuaren eta azpiegituraren (V2I) eta ibilgailu baten eta beste baten (V2V) arteko komunikazioa ahalbidetzen dute. Era berean, bide-sareko lau azpiegitura sentsorizatuko dira IoT teknologiaren bidez, eta biki digital gisa erabiliko dira. 

Pepe Garcíak bere artikuluan dioenez, gero eta obra zibil gehiagotan erabiltzen dute BIM metodologia, eta erabileraren hazkundea esponentziala da kontratazio publikoan. 2021 eta 2022 artean, BIM metodologia erabiltzea eskatzen duten Estatuko Administrazio Orokorreko lizitazioen kopurua 109tik 190era igo da, eta lizitazio-bolumena ia hirukoiztu egin da, 455 milioi eurotik 1.209 milioi eurora igarota, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren Kontratazio Publikoko BIM Planeko datuen arabera. 

Hala ere, ohartarazi du metodologia ez dela orokortuko epe laburrean, hori lortzetik «urruti» dagoela oraindik. «2021eko BIM Diagnostiko Txostenean jasota dagoenez, inkesta erantzun zutenen % 71k ziurtatu zuen BIM aplikatzeko moduko jarduerak egiten zituela, baina organoen % 34k bakarrik uste du lan egiteko era hori 3-5 urteko epean orokortuko dela. Nolanahi ere, galderetan epe hori luzatu ahala, enpresak baikorrago agertu dira erantzunetan: inkesta egin duten enpresen % 73k uste du teknologia horren erabilera 10 urtera arteko epean orokortuko dela», adierazi du.