2025ean, Estatuan, 5.900 milioi euro mobilizatu dira 1.641 lehiaketa publikotan
Irakurgai dago jada BIM Euskadi Batzordearen Behatokiaren txosten berria. Building Information Modeling (BIM) metodologiarekin lotutako irizpideak edo eskakizunak jaso dituzten lehiaketa publikoak aztertzen dira bertan, zehazki, 2025ean Euskal Autonomia Erkidegoan lizitatu zirenak, eta Estatuko datuekiko alderaketa egiten da.
BIM metodologiaren bidez eraikuntza digitalizatzeko prozesua indartzen ari da Estatuko kontratazio publikoan. Txostenaren arabera, BIM eskakizunak jasotzen zituzten 1.641 lehiaketa argitaratu ziren 2025ean, eta horiek, guztira, 5.896,43 milioi euroko aurrekontua mobilizatu zuten.
BIM metodologia gero eta gehiago eta erritmo biziagoan ari da sartzen lizitazio-prozesuetan: 2024an 1.331 lehiaketa izan ziren, eta horietan, 4.300 milioi eurotik gora lizitatu ziren.
Autonomia-erkidegoen sailkapena eta kontratu-motak
Andaluzia da autonomia-erkidegoen artean liderra, bolumen osoaren % 27,7rekin, eta jarraian doazkio Katalunia (% 22,8) eta Madril (% 14,5). Kontratu-motei dagokienez, BIM lehiaketen erdia inguru eraikuntza-obrak egikaritzeko proiektuak dira (% 48,8); ondoren datoz zerbitzuak (% 24,8) eta hornidurak (% 11,9).
Euskadi, Estatuko datuekin alderatuta
Lehiaketako baldintza-agirietan BIM metodologiaren erabilera jaso duten 44 kontratu lizitatu dira EAEn 2025ean —zenbatekoa, guztira, 293,30 milioi euro—. Hala, Estatuko autonomia-erkidegoen sailkapenean seigarren lekuan dago, argitaratutako lizitazio-zenbateko osoan % 5eko pisua baitute horrelako kontratuek.
EAEko kontratazio publiko osoari erreparatuta, BIM lizitazioen pisu erlatiboa % 12koa da, Estatuko batez bestekoarekin bat. Beraz, Euskadi erkidegorik aurreratuenetako bat da eremu publikoan BIM metodologia erabiltzeari dagokionez.
Euskadiko BIM lizitazio publikoen bolumenak hazkunde nabarmena izan du aurreko ekitaldiekin alderatuta: 2024an 138,10 M€-koa izan zen, eta, 2025ean, berriz, 293,30 M€-koa. Horrek erakusten du administrazio publikoek gero eta gehiago erabiltzen dutela BIM teknologia.
BIM METODOLOGIAREN EZARPENARI BURUZKO TXOSTENA