AP-8AREN ETA MHS-AREN KONTSERBAZIOAN, MANTENTZE-LANETAN ETA USTIAPENEAN, BETEKIZUNA DA BIM ERABILTZEA

2021eko urtarrila.- Lehenengo aldiz, AP-8a, Artxandako Tunelak eta Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea kontserbatu, mantendu eta ustiatzeko kontratuek BIM metodologia erabiltzeko betekizuna sartu dute, bai eta ingurumen-jasangarritasunaren eremuan edo errepidearen sentsorizazioan berrikuntzak egiteko neurriak aplikatzekoa ere.   Halaxe jasotzen da Interbiak sozietateak (Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia eta Lurraldea Garatzeko Sailari atxikitako foru-sozietate publikoak) sustatzen dituen zerbitzu horien kontratuen lizitazioan, zeina 2021eko ekainetik 2026ko ekainera bitarteko bost urteko aldirako argitaratu den. Azpiegitura egoera onean edukitzeko prebentzio-operazioak egitea da bi kontratuen xedea, baita ibilgailuak seguru eta arintasunez ibiltzeko baldintzak bermatzea, segurtasun-baldintzak kontrolatu eta hobetzea eta bidesarien kobrantza kudeatzea ere.   Bada, BIM teknologia erabiltzea izango da Bizkaiko Foru Aldundiak azpiegitura berri guztien eraikuntzarako ezarri dituen betekizunetako bat (eraikuntzari buruzko informazioa jasotzeko eredua da BIM, ingelesezko sigletan). Gainegituren proiektuei dagokienez, MHSn erabiliko da BIM lehenengo aldiz; horrela, edozein talka-guneri aurrea hartu ahalko zaio, eta arazoak aurretik konpondu.   Halaber, kamerak, haizagailuak, sute-ahoak, seinaleak, argiak eta abar ezin hobeto egokituko zaizkio azpiegiturari, eta mantentze-lanak askoz ere eraginkorragoak izango dira.   Kontratu horien lizitazioaren oinarri-prezioa 150,5 milioi eurokoa da: horietatik 79 milioi AP-8aren kontraturako izango dira, eta 71,5 milioi Artxandako Tunelen eta Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen kontratuetarako. Edonola ere, abonatzen diren zenbatekoak askotariko irizpideak betetzearen mende egongo dira, eta, horri begira, Bizkaiko Foru Aldundiak ebaluazio-adierazleak ezarri ditu, hainbat eremu balioesteko; hala nola: bide-segurtasuna, laneko segurtasuna, erabiltzaileen erreklamazioak, kontserbazio- eta zaintza-zerbitzuaren kalitatea edo erabiltzaileei eragindako kalteak.

 

Argazkia: Deia

X