BIM metodologiak aurrera egiten jarraitzen du kontratazio publikoan: 2.700 milioi eurotik gora lizitatu dira Espainian 2025eko lehenengo seihilekoan
Irakurgai dago jada BIM Euskadi Batzordearen Behatokiaren txosten berria. 2025eko lehen seihilekoan Espainian deitu diren lehiaketa publikoen artean Building Information Modeling (BIM) metodologiarekin lotutako irizpideak edo eskakizunak txertatu dituztenak aztertzen dira bertan.
BIM metodologiaren bidez eraikuntza digitalizatzeko prozesua indartzen ari da Espainiako kontratazio publikoan. Txostenaren arabera, BIM eskakizunak jasotzen zituzten 690 lehiaketa argitaratu ziren 2025eko lehen seihilekoan, eta horiek, guztira, 2.707 milioi euroko aurrekontua mobilizatu zuten.
BIM metodologia gero eta gehiago eta erritmo biziagoan ari da sartzen lizitazio-prozesuetan: bigarren hiruhilekoan 321 lehiaketa izan ziren, eta horietan, 1.590 milioi eurotik gora lizitatu ziren.
«690 lehiaketatan 2.707 milioi euroko aurrekontua mobilizatu zen»
Autonomia-erkidegoen sailkapena eta kontratu-motak
Autonomia-erkidegoen artean Andaluzia da liderra, bolumen osoaren % 38,7rekin, eta jarraian doazkio Katalunia (% 22,9) eta Gaztela eta Leon (% 8,9). Kontratu-motei dagokienez, BIM lehiaketen erdia baino gehiago eraikuntza-obrak egikaritzeko proiektuak dira (% 51,5); ondoren datoz zerbitzuak (% 28,4) eta azpiegiturak (% 7,8).
Euskadi, Estatuko datuekin alderatuta
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn), BIM eskakizunak zituzten 17 lehiaketa argitaratu ziren lehenengo seihilekoan, guztira 82,45 milioi eurokoak. Hala, zazpigarren lekuan dago Estatuko autonomia-erkidegoen sailkapenean.
Eraikuntza-proiektuak dira jarduera nagusia (% 82,8). Ildo horretan, Bizkaia da lurralderik aktiboena, Euskadin lizitatutako bolumenaren % 81en ardura baitu. Instituzio-mailan, administrazio autonomikoko erakundeak dira nagusi deialdietan, batez ere VISESA eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.
TXOSTEN OSOA