Sergio Muñoz, buildingSMART Spanish Chapter elkarteko lehendakaria, elkarrizketatu dugu
Aurten hamargarren urteurrena du buildingSMART Spainek, BIM metodologia txertatzearen arloan Espainian erreferentziazkoa den elkartea.
Zer balantze egiten duzu hamar urte hauen inguruan?
Egindakoa ikusita, asko aurreratu dugula uste dut. 2012an sortu ginen, higiezinen sektorearen krisialdi betean. Digitalizazioaren bidez eraginkorragoak, produktiboagoak eta lehiakorragoak izateko aukera ikusi genuen. Orduan, BIM metodologiaren zabalkundea zen gure helburua, eta, horretarako, beste herrialde batzuetako arrakasta-kasuak eta esperientziak erabili genituen. Ondoren, beste aurrerapauso bat egin genuen sektore osoak bere egin zezan BIM metodologia. Gidak, eskuliburuak eta jardunbide egokiak lantzen hasi ginen, eta gaur egun erreferentziakoak dira. Beren ezagutza eskuzabaltasunez partekatzen duten elkarteko kideen parte-hartze aktiboari esker lortu dugu hori guztia
Zein dira aurtengo helburuak?
Gure misioa ez da aldatu, baina urtero helburu berriak ezartzen ditugu bide horretan aurrera egiteko. Aurten, BIM metodologia sektore publikoan sartzeko bidean urratsak egiteko asmoa dugu. Horretarako, BIM metodologia ezartzen eta baldintza-agirietan sartzen lagunduko diegu teknikariei. Era berean, gaur egun arlo horretan dagoen heldutasun-maila handitu nahi dugunez, batetik sailkapen-sistemen ereduak landuko ditugu eta bestetik intzidentziak sortu eta kudeatzeko BCF estandar irekiaren erabilera sustatuko dugu. Gainera, estandarizazioaren eremuan, BIM rolei heldu nahi diegu. Egun dauden nahasteak —batez ere baldintza-agirietan eta enplegu-eskaintzetan— saihesteko erreferentziazko esparrua zehaztea izango da kontua.
«2012an hasi ginen lanean, higiezinen krisialdi betean, BIM metodologia oso gutxik ezagutzen zutenean; iaz, BIM metodologia aitzat hartu zuen inbertsio publikoa 1.000 milioi eurokoa izan zen»
Eta zer esango zenuke BIM metodologia Espainian ezartzeko prozesuari dagokionez?
Aurrerapena oso handia izan da, zalantzarik gabe. 2012an gutxik ezagutzen zuten BIM metodologia, eta iaz 1.000 milioi eurotik gorakoa izan zen BIM eskakizunak bete zituzten lizitazio publikoen zenbatekoa. Izan ere, baldintza ugari bete behar dira BIM metodologia Estatuan ezartzeko; besteak beste, legeak eta arauak aldatzea, eragile guztiak gaitzea eta, batez ere, barrera kulturalak gainditzea. Kezkagarria iruditzen zaigu metodologiaren ezarpenean bi abiadura egotea, bai eta enpresen eta profesionalen arteko arrakala hori handitzeko arriskua ere. Horregatik, oso garrantzitsuak dira administraziotik, elkargo profesionaletatik eta enpresa-elkarteetatik bideratutako zabalkunde- eta sentsibilizazio-ekintzak.
Kontratazio publikoa da metodologia hori ezartzeko bultzatzaile nagusia. Nola heldu diote prozesuari administrazio publikoek? Ildo horretan, badago koordinaziorik haien artean?
Kontratazio publikoak trakzio-efektua eragiten du, sektoreak prozesu horretan aurrera egin dezan. Nolanahi ere, BIM eskakizunak dituzten lizitazio publikoak gero eta gehiago diren arren, prozesua ez da ari berdin garatzen administrazio publiko guztietan. BuildingSMARTen Lizitazio Publikoen Behatokian ikusi denez, Katalunia, Euskadi, Valentziako Erkidegoa eta Madril, adibidez, beste eskualde batzuk baino askoz aurreratuago daude. Ildo horretan, BIM Estatuan ezartzeko plan bat falta dela sumatzen da, aipatutako ekimenak koordinatzeko eta gutxieneko oinarri komunak ezartzeko plana, alegia.
Berriki, Ministerio arteko Batzordearen Lantalde Teknikoa jarri da abian, BIM metodologia kontratazio publikoan txertatzeko, eta buildingSMART Spain ere batzordeko kide da. Zer helburu nagusi dituzte Ministerio arteko Batzordeak eta Lantalde Teknikoak?
BIM metodologia kontratazio publikoan ezartzeari dagokionez, Ministerio arteko BIM Batzordeak Estatuko Administrazio Orokorraren eta bere organismoen arteko koordinazioa sustatu eta bermatu nahi du. Metodologia Estatuko kontratazio publikoan zabaltzea du helburu nagusi, eta, horrekin batera, autonomia-erkidegoekiko eta tokiko erakundeekiko koordinazio-lanaz arduratzea.
Sortu den Batzorde Teknikoaren egiteko nagusia, berriz, BIM metodologia 2023ko kontratazio publikoan ezartzeko planaren zirriborroa lantzea da. Lan horrek sektore publikoan trakzio-efektua izango duela uste dut, eta hori, jakina, onuragarria izango da sektore pribaturako.«EAEko eragile guztiei dei egiten diet BIM Euskadirekin bat egitera eta sektorearen eraldaketa digitala sustatzera»
BIM Euskadin komunikazio- eta informazio-kanalak aktibatu ditugu berriki, «BIM komunitatea» handitzeko, metodologiaren onurak ezagutzera emateko eta, horrela, haren ezarpena areagotzeko. Zer iruditzen zaizu ekimen hori eta zer beste jardunbide egokik lagun dezake helburua lortzeko prozesua bizkortzen?
Nire ustez, funtsezkoak dira BIM metodologia ezagutzera emateko zabalkunde- eta sentsibilizazio-ekintzak. Horietako asko ETEetara eta langile autonomoengana bideratzen dira, metodologia bera eta lana hobeto egiteko eskaintzen dizkien aukerak ezagutu ditzaten. Oso garrantzitsua iruditzen zait metodologiatik hurbilen dauden eragileen lidergoa, BIM Euskadirena, kasu. Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko eragile guztiei dei egiten diet ekimenarekin bat egin eta aktiboki parte har dezaten sektorearen eraldaketa digitalean.
Azkenik, elkarrizketa hau baliatu nahi dut buidingSMARTen babesa eta lankidetza eskaintzeko BIM metodologia sustatzen duten ekimen guztiei.