«BEREHALA IKUSI GENITUEN BIM METODOLOGIA ERABILTZEAREN ONURAK» Sergio Aguado, BIM Managerra Viuda de Sainz enpresan

23 de maiatza de 2022

"

«Proiektuetan BIM metodologia erabiltzen hasi ginenean, berehala ikusi genituen eskaintzen zituen onurak». 

Sergio Aguado, BIM Managerra Viuda de Sainz enpresan 

Viuda de Sainz eraikuntza-enpresak askotariko eremuetan egiten du lan. Mota guztietako obrak egiten ditu: obra zibila, tunelak, obra industriala eta baita sustapen propioak ere. Azken urteetan, I+G arloaren alde ari dira apustu egiten enpresaren barruan eta, jakina, BIM metodologiaren alde ere bai. 

Viuda de Sainz enpresa nola ari da BIM metodologia bere prozesuetan txertatzen? 

Enpresako arlo guztietan ari gara teknologia berriak sartzen, eta BIM metodologia, nola ez, dinamika horren barruan dago. Egungo bulego teknikoa trebatzen eta birmoldatzen ari gara, obrei buruz zuen ezagutza aprobetxatu eta metodologia horren balioa gehitzeko, poliki-poliki. 

Noiztik ari zarete metodologia horrekin lanean? 

2016an hasi ginen erabiltzen, espezializatutako aholkularitza-enpresa batek egindako azterketatik abiatuta. Eraikin atxiki batzuen sustapen propio eta txiki bat izan zen proiektu pilotua, metodologia erabiltzearen onurak ezagutu nahi baikenituen. Berehala ikusi genuen onuragarria zela obra, lehenik eta behin, bulegoan eraikitzea, zegokion lekuan bertan baino lehen. Horrek aukera ematen zigun akatsak antzemateko —talka esaten zaien horiek—; hau da, obran bertan epeak luzatu eta kostuak handitzen zituzten kontu arazotsuak detektatzeko. Beraz, abantailak nabariak ziren. Bestalde, obra hasieratik argi eta garbi izatea oso lagungarria da plangintzarako eta guztia askoz hobeto antolatuta izateko. 

Aurkitu zenuten BIM metodologia ezartzeko erresistentziarik eta zailtasunik? 

Prestakuntza-lan garrantzitsua egin behar da pixkanaka-pixkanaka. Kontuan hartu behar dugu prozesua oso luzea dela eta denbora behar dela aurrera eramateko. Arazo bat ikusten dugu: sektoreari kostatu egingo zaio, hots abiadura desberdinak egongo dira. Gure ustez, azkarrago aurrera egiteko, garrantzitsua litzateke bai administrazioek eta bai bezeroek aurrekontuen partida bat zehaztea, metodologia hori proiektu bakoitzean ezartzeko. Baldintza-agiri batzuek dagoeneko jasotzen dute halakorik. 

Eraikuntza-prozesuko zer ataletan ari zarete metodologia ezartzen? 

Obra-motaren arabera ari gara aplikatzen. Adibidez, argi ikusi dugu eraikuntzan erabiltzea, lan horietan darabilgun softwarea nahiko garatuta dagoelako. Hortik abiatuta, konturatu ginen industria-sektorean ezartzeak abantailak ekar zitzakeela, sektorearen espezifikotasuna eta ezaugarriak kontuan hartuta. Industrian, obrak epe eta une jakin batzuetan egin behar dira, enpresen geldialdietan, esaterako, eta metodologiak aukera ematen zigun lana zehaztasun handiagoz planifikatzeko, bai epeei eta bai kostuei dagokienez. 

Beste zein proiektutan ari zarete metodologia ezartzen? 

Obra zibilean, poliki-poliki. Zehazki, metropoliaren hegoaldeko saihesbidearen 1. fasean, 9. tarteko (Peñascal – Bolintxu) azpiegitura eraikitzeko proiektuan; Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkeko hirigintza-lanetan, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkeko campuserako sarbidea eraikitzeko lanetan ari gara aplikatzen, besteak beste. 

Iritsiko da prozesu osoan ezarrita egotera? 

Baietz uste dut, espero dut; baina, denbora beharko da; izan ere, eraikuntza-sektoreak aurrera egin behar du, eta eragile asko egokitu behar dira, eraikuntza-enpresak, administrazioak, ingeniaritza-bulegoak, enpresa azpikontratistak eta abar.Kostako da; dena den, metodologia ezartzea onuragarria zaiela ikusten dutenean, guztiok egingo dugu aurrera. 

Zure ustez, zer gaitasun izan behar ditu BIM metodologia ezarri nahi duen enpresak? 

Lehenik eta behin, gogoa izan behar du, eta onartu prozesua konplexua eta luzea izango dela, abiadura desberdinak izango dituela. Bestalde, esango nuke eraikuntzako edozein profesional dela horretarako gai. Gehiago edo gutxiago kostako zaio, baina prestakuntza apur batekin eta eguneroko esperientziarekin, ez du arazorik izango. 

Azkenean, enpresak prozesuari ekiten dionean, talde osoa inplikatzen da. Gure kasuan, etengabeko prestakuntzako programaren bidez egiten dugu, arlo guztietan. 

Viuda de Sainz enpresaren hurrengo helburuak BIM metodologiari dagokionez… 

ISO 19650 ziurtagiria lortu nahi dugu proiektu bat gauzatzean. Aurten burutu dugu prozesua aholkularitza-enpresa batekin, eta ziurtagiria hasierako fasean eskuratuko dugula uste dugu.