BIM araudiaren inguruko azterketa argitaratu da

2026ko urtarrilaak 19

"

BIM metodologiaren inguruko araudiaren azterketa argitaratzea eta araudi horrek kontratazio publikoko prozesuetan duen aplikagarritasuna 

Building Information Modeling (BIM) metodologia da, gaur egun, eraikuntzaren sektorea eta aktibo publikoen kudeaketa digitalizatzeko bektore nagusia. Erakunde publikoek, metodologia hori bereganatuz, aukera izango dute gastu publikoaren eraginkortasuna hobetzeko, gardentasuna handitzeko, informazioaren trazabilitatea bermatzeko eta eraikuntzarekin lotutako obren eta zerbitzuen jasangarritasuna eta kalitatea sustatzeko. 

BIM Euskadi Batzordea, buildingSmart eta Berrilan izan dira azterketaren egileak, eta BIM metodologiarekin lotura duen arau-esparrua eta eraikuntza-sektoreko kontratazio publikoko prozesuetan duen aplikagarritasuna aztertzea izan du helburu. Funtsezko lau gai arauemaileren inguruan egituratu da azterketa: 

  1. Informazioa kudeatzeko prozesuak: ISO 19650 eta ISO 29841 
  1. Informazio-edukiontzien espezifikazioak: ISO 7817, ISO 21597 eta ISO 12006 
  1. Informazioa trukatzeko datu-ereduak: ISO 16739 eta ISO 15686 
  1. Produktuak eta katalogoak digitalizatzea: ISO 23386 eta ISO 22057 

Txostenean alderdi hauek zehaztu dira, gai horietako bakoitzari dagokionez: 

  • Arauen irismena: estandar bakoitzak arautzen dituen edukia, helburuak eta printzipioak. 
  • Kontratazio publikoan duten aplikagarritasuna: estandarrak nola txertatu behar diren agirietan, kontratuetan eta administrazio-prozesuetan. 
  • Alderdi teknikoan eta antolaketan duten eragina: lizitatzaileengan, esleipendunengan eta administrazio kontratatzaileengan dituzten ondorioak. 
  • Gomendatutako ekintzak: BIM eskakizunak Euskadin eraginkortasunez ezartzeko proposamen zehatzak. 
  • Laburpen-taulak eta -matrizeak: ulermena, konparaketa eta ezarpen operatiboa errazteko. 

Dokumentuaren helburua da sektoreko erreferentzia teknikoa izatea; hau da, baliagarria izatea bai kontratazioen arduradunentzat eta bai aktibo publikoen bizi-zikloan partaide diren teknikari, aholkulari eta eragileentzat ere. 

ARAUDIAREN AZTERKETA