«BIM etorkizuna zen lehen, baina oraina da jada». Jose Alejandro Civera, SENER BIM officeko koordinatzailea
Zer leku du BIM metodologiak SENERen estrategia orokorraren barruan, eta, zehazki, digitalizazio-estrategian?
SENERentzat, BIM metodologia ezartzea helburu estrategikoa izan da digitalizazio-prozesuaren barruan. SENER Ingenieríaren lanetan aplikatzen dugu, batez ere garraio- eta arkitektura-azpiegituren proiektuetan, baina baita beste digitalizazio-prozesu batzuetan ere, energiaren arloan, adibidez.
Zer sektore-motatan aplikatzen da eta zein izan dira ekimenera batu diren azkenak?
Askotariko sektoreetan egiten diren lanetan aplikatzen da, besteak beste, trenbide-garraioan, errepidekoan, hiri-garraioan, arkitekturan, portuetan eta abar. Arkitektura bereziko proiektuetan hasi ginen metodologia ezartzen, eta baita garraio-geltokien proiektuetan ere. Gerora obra linealeko proiektuetan (errepideak, trenbideak) ezarri dugu; izan ere, horrelako proiektuetan BIM metodologiak urteetako atzerapena du, eraikuntza-proiektuekin eta obra puntualekin alderatuta —sektore horietarako garatu zen, hasiera batean, BIM metodologia—. Atzerapen hori nabaria da tresnetan eta mundu-mailako ezarpenean.Batzuetan, BIM metodologia eraikuntza-prozesuaren zati batean edo gehiagotan aplikatzen da; horrela egiten duzue ala prozesu osoan ezartzen da?
Gure kasuan, parte hartzen dugun eraikuntza-prozesuaren zati guztietan ezartzen dugu BIM metodologia: eskaintzaren fasean, proiektukoan, eraikuntzakoan eta mantentze-lanei dagokienean. Bezeroaren eskakizunen arabera aplikatzen du SENERek metodologia hori, proiektuaren bizi-ziklo osoan erabateko ezarpena lortzeko. Hau da, ez diegu fase goiztiarrei bakarrik erreparatzen, fase horietan inplikatu ohi garen arren; aktiboaren ondorengo faseei ere begiratzen diegu eta hasierako diseinutik hartzen ditugu kontuan. Gure ustez, hauxe da BIM metodologia ezartzearen arrakastaren gakoa: inplikatutako eragile guztiek aukera izan dezatela aurreko faseetan sortutako BIM informazioa erabiltzeko; horrela, denborak optimizatu eta kalitate askoz handiagoko emaitzak lortu ahal izango dira.
«Sortutako informazioa aprobetxatzea denborak optimizatzeko eta kalitate askoz handiagoko emaitzak lortzeko; horretan datza BIM metodologiaren arrakasta»
Zer onura ditu BIM metodologia erabiltzeak?
Onurarik handiena da kalitate handiagoko proiektuak ekoizten ari garela bezeroentzat, hau da, hobeto koordinatutako proiektuak, irtenbide efizienteagoak eta ezusteko gutxiago hurrengo faseetan. Diseinu-faseetan BIM metodologia ezartzean, arazo batzuk obrak hasi aurretik kudeatu eta konpondu behar ditugu; proiektu tradizionaletan, berriz, eraikitzaileak eraikuntza-fasean aurkitzen zituen horrelako arazoak. Horrek onura argia du proiektu osoa kontuan hartuta: proiektuaren bizi-zikloaren ondorengo faseetan (eraikuntzan eta mantentzean) ezusteko gutxiago sortzen direla eta epeak eta kostuak diseinu-fasean definitutakoekin bat datozela.
«BIM Management masterra egin duten ia berrogeita hamar lagun ditugu»
Nola trebatu dituzue taldeak BIM metodologian?
2017an SENER BIM Office sortu genuen, BIM metodologia ezartzen buru den lantaldea. Era berean, BIM prestakuntza-plana zehaztu zen gure enpresako diziplina guztietarako, enpresa barruko zereginen arabera egokituta (zuzendaritza, ingeniaritza, modelatzaileak eta abar). Zeregin bakoitzerako eduki bereziak sortzea erabaki genuen, eta eduki horiek SENEReko langileek edo kanpoko prestakuntza-enpresek lantzea. Helburua zen pertsona bakoitzak bere zereginetarako prestakuntzarik egokiena eskuratzea.
BIM metodologia ezartzeko estrategian funtsezko zutabea prestakuntza izango zela erabaki genuen, eta talde osoarentzat giro egokia sortzen saiatu ginen, aldaketaren aurreko erresistentziak gainditze aldera. Halaber, BIM Manager (BIM kudeatzaile) profiletarako prestakuntza bereziaren aldeko apustu garrantzitsua egin genuen, zeregin berri hori funtsezkoa baita proiektuetan BIM metodologia egoki ezartzeko. Gaur egun, SENEReko ia berrogeita hamar langilek egin dute BIM Management masterra.
«Beste enpresa batzuei esango nieke hobetzeko aukera paregabetzat har dezatela BIM metodologia, enpresaren garapen profesionalean lagunduko diela eta egungo merkatuan posizionatuko dituela»
Eraikuntza-eredu tradizionalarekin alderatuta, zer lortzen du BIMek? Ematen du eraikuntza-proposamenean, formetan, diseinuan eta abarretan ere esku hartzeko aukera?
Proiektu bat BIM metodologiarekin egiten bada, aukera dago funtsezko alderdi guztietan esku hartzeko: eraikuntza-irtenbidean, diseinuan, energia-efizientzian, segurtasunean eta osasunean, aurrekontuetan, obraren plangintzan eta abar. Proiektua informazio zentralizatuko datu-base bihurtzen da, 3Dn irudikatua, eta horrek aukera ugari eskaintzen ditu: elkarrekiko erabat koherenteak diren planoak lortzea, diziplinen artean diseinua koordinatzea, diseinu-aukera bakoitzaren araberako aurrekontuak simulatzea, operazio-faseetan mantendu beharko diren aktiboak zehaztea, energia-simulazioak egitea eta abar. Informazio guztia zentralizatzen denez, akatsak eta lana berregin beharra minimizatzen dira, proiektuaren bizi-ziklo osoan. Hala, aktiboaren ikuspegi globalagoa lortzen da. Eraikuntza-proiektu tradizionaletan, berriz, ikuspegia fase bakoitzera mugatzen zen, hein handi batean, eta, sarritan, fase batean egindakoa ezin izaten zen hurrengoetan aprobetxatu.
Zer aholku emango zenieke BIM metodologian horren aurreratuta ez dauden beste enpresa batzuei metodologia hori beren prozesuetan txerta dezaten?
Esango nieke hobetzeko aukera paregabetzat har dezatela BIM metodologia, enpresaren garapen profesionalean lagunduko diela eta egungo merkatuan posizionatuko dituela. Gu duela urte batzuk hasi ginen, eta horri esker UNE-EN ISO 19650 ziurtagiria lortu dugu orain. BIM metodologia erabiltzen duten eraikuntzako eta ingeniaritza zibileko obretan informazioa antolatzeari eta digitalizatzeari buruzko araua da hori, eta ziurtagiriarekin erreferentziazko BIM enpresa gisa posizionatu gara merkatuan.
BIM etorkizuna zen lehen, baina oraina da jada. Atsegin dut kontatzea BIM metodologiarekin lanean hasi ginenean —BIM metodologia Revit erabiltzea zenean— harrituta geratzen ginela oinplanoen eta sekzioen plano koordinatuak lortzen genituela ikusita; ez genuen hormak oinplanoan eta sekzioan berdin neurtzen ote zuen kezkatu beharrik… Horrelako kontuak sekulakoak iruditzen zitzaizkigun orduan; izan ere, ingeniaritzako denbora asko galtzen zen planoak berrikusten. Gerora konturatu ginen potentzial itzela zuela proiektua BIM metodologiarekin lantzeak, hau da, informazio guztia datuetan digitalizatuta izateak. Orain gai gara eraikuntza-simulazioak eta azterketak epe askoz laburragoetan egiteko, eraginkortasun handiagoz neurtzeko —etorkizuneko aldaketez kezkatu gabe—, diziplinen artean diseinuak koordinatzeko —eraikuntza-fasean kontraesanik ez egoteko— eta abar. Ondorioz, bezeroei eskaintzen diegun zerbitzua ezinezkoa litzateke BIM metodologiarik gabe.
Proiektu enblematikoak
Aipatuko diguzu eraiki berri den proiektu enblematikoren bat edo SENERen historian nabarmendu den bat?
BBVAren Madrilgo egoitza nagusiaren BIM modelatzea. Metodologia tradizionalarekin egindako proiektua digitalizatzeko ardura SENERen esku utzi zuen bezeroak. Eraikuntza-fasearen hasieran egin genuen gunearen BIM eredua, eta inkoherentzia ugari antzeman genituen diseinuan. Horri esker, eraikitzen hasi aurretik konpondu eta koordinatu ziren gorabehera horiek, eta, ondorioz, eraikuntza-denbora eta -kostuak hobetu ziren. Eraikinaren aktiboak ere digitalizatu zirenez, eraikinaren mantentze-fasean erabiltzeko datu-basea eskuratu zuen bezeroak. Horrek are gehiago murriztuko ditu mantentze-lanen kostuak.
Santiago Bernabeu futbol-zelaiko soropil erretraktilaren sistemaren kasuan, egingarria litzateke BIM metodologiarik gabe?
Konfidentzialtasun-arrazoiak direla eta, ezin dugu proiektu horri buruzko datu zehatzik eman. Nolanahi ere, horrelako proiektu batean, egia da metodologia tradizionalarekin oso zaila litzatekeela askotariko eragileen arteko koordinazio-maila handia lortzea. Mota horretako proiektuetan, BIM metodologia lagungarria da irtenbide berritzaileak epe oso zorrotzetan garatzeko; ezinezkoa litzateke beste era batera horrelakorik lortzea.