BIM EUSKADI BATZORDEAK METODOLOGIA HORREN ONURAK EZAGUTARAZIKO DITU, ENPRESEN ARTEAN EZARPENA AREAGOTZEKO

30 de uztaila de 2021

"

Behatokia martxan jartzea, webgune berria, eta komunikazioa bultzatzea dira taldeko kideek urteko balantzean nabarmendu dituzten alderdi nagusiak 

2021eko uztailaren 16a. BIM Euskadi Batzordeko kideen iritziz, BIM metodologiak eraikuntza-prozesuetan eragiten dituen onurak pisuzko arrazoia dira enpresentzat, metodologia ezartzeko erabakia hartzeko. Hori dela eta, arrakasta-kasuak eta jardunbide egokiak ezagutaraziko dituzte datozen hilabeteetan. Hala erabaki dute Batzordeko koordinazio-taldeko urteko bileran, lan-planeko hurrengo ekintzak zehaztu dituztenean. 

Egindako ekintzei dagokienez, metodologiak azken urtean izan duen dinamismoaren inguruan balorazio positiboa egin dute BIM Batzordeko kideek, aho batez. BIM Euskadi Behatokiari esker lortu da hori, besteak beste; izan ere, Behatokiak denbora errealean jaso eta erakusten ditu Euskadin BIM metodologia darabilten eraikuntza-lanetako datuak. Era berean, garrantzitsua izan da webgunea sortzea, BIM Batzordearen lanen bilakaera erakusteaz gain esparru horretan egiten diren lanen berri ematen baitu. 

Euskadin dugun BIM metodologiaren betetze-mailari buruz erreferentzia gehiago izateko, interesgarritzat jo da, halaber, beste lurralde batzuekiko alderaketa egitea, eta baita eraikuntza-sistema horri buruz eskura dagoen informazioa zabaltzea ere. Horretarako, euskal profesionalen ezagutza sakona aprobetxatuko da, komunikazio-sistema arin baten bidez, webgunea euskarri nagusitzat hartuta. Profesional horietako asko BIM Batzordeko kide dira. 

Parte-hartzetik sortutako eredua 

BIM Euskadi Batzordea da BIM metodologia Euskadin ezartzeko ardura duen lan-organoa. ERAIKUNEk (Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikuntza-industriako Klusterrak) sustatu eta koordinatzen du batzordea, eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetza du, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren bidez. 2018an sortu zen eta 240 parte-hartzaile baino gehiago ditu: enpresetako eta erakunde publikoetako kideak, ezagutza-eragileak, eta metodologiarekiko interesa partekatzen duten era guztietako Euskadiko entitateak.