BIM EUSKADI BEHATOKIAK ESKUALDEKO ERAIKUNTZA-JARDUERA OSOAREN KALITATEA, GARDENTASUNA ETA EGIKARITZEA HOBETUKO DITU

14 de ekaina de 2021

"

Adierazleen bilakaera kontrol-panel batean neurtuko da denbora errealean, eta panelerako sarbidea librea izango da www.bimeuskadi.eus webgunearen bidez 

Sektore osoaren parte-hartzearekin metodologia pixkanaka eta arintasunez ezartzea da ERAIKUNEk eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sustatutako proiektuaren helburua. 

2021eko maiatzaren 17a. Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntza-jardueran BIM (Building Information Modelling) metodologia ezartzea bultzatuko du BIM Euskadi Behatokiak, gauzatzen diren eraikuntza- eta azpiegitura-proiektuetan kalitatea eta gardentasuna hobetzeko, baliabideak optimizatzeko eta, oro har, kudeaketa integrala ahalbidetzeko. Behatokia izango da BIM Euskadi Batzordeak metodologiaren ezarpena bultzatzeko baliatuko duen baliabide nagusietakoa, helburua baita irismen unibertsaleko metodologia hori sektore osora zabaltzea, pixkanaka eta arintasunez, eraikuntzaren sektoreko profesional eta enpresa guztien parte-hartzeari esker. 

Datuak edonorentzako daude eskuragarri, etengabe eguneratzen den kontrol-panelaren bidez, proiektuaren www.bimeuskadi.eus webgune berrian. Gaur-gaurkoz, Behatokiak 320 proiektu ditu aztertuta. 

ERAIKUNEko zuzendari tekniko Oscar Iñiguez izan da ekimenaren sustatzaile eta garatzaile nagusia. Haren esanetan, «Behatokia baliagarria izango da eraikuntza-eredu horren ezarpenean egindako aurrerabidea neurtzeko —hau da, aurrera zenbat eta nola egin dugun ikusteko—, kontu konplexua baita eta produkzio-prozesuaren fase eta arlo guztiak hartzen baititu. Beraz, zenbat eta zorrotzago jardun, orduan eta emaitza hobeak lortuko ditugu». 

Orain arte bildutako datuak sektore publikoak gauzatu eta sustatutako eraikuntza-lanei buruzkoak dira. Hala ere, metodologia sektore publikoan zein pribatuan ezar daiteke, eta horixe da, hain zuzen, proiektu honen xedea. Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Sailburuordetzaren bidez hartzen du parte ekimenean, eta sektore publikoa funtsezkotzat jotzen du aipatutako helburua lortzeko, bi arrazoi tarteko: lehenik eta behin, baliabide publikoen erabilera optimizatzea eta eraginkortasuna hobetzea dakarten proiektuak aplikatzeari dagokionez, sektore publikoak eredugarri izan behar duelako, bereziki sortu berriak diren proiektuen kasuan, haien ezarpenerako pizgarri sendoa behar denean; bigarrenik, euskal sektore publikoak baliabide ugari bideratzen duelako azpiegituren eraikuntzara eta eraikuntza-lan publikoetara, oro har, eta horrek «saiakuntza-eremu» interesgarria eskaintzen diolako metodologiari. 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturarako zuzendari Pablo García Astrainen arabera, «eraikuntza-lanetan material eta prozesu berritzaileak erabiltzen ari diren enpresa handiak ditugu Euskadin, eta BIM eredua ezarrita dute haien proiektuetan, osotasunean edo zati batzuetan behintzat. Sektore pribatuaren ezagutza hori sektore publikora pasa dadin nahi dugu, eta, gainera, metodologiaren ibilbide-orriko etapak bete, pixkanaka baina irmotasunez, BIMek dakartzan onurak guztiongana irits daitezen: herritarrengana eta eraikuntza-industriako sektoreko enpresetara». 

Parte-hartzetik sortutako eredua 

BIM Euskadi Batzordea da BIM metodologia Euskadin ezartzeko ardura duen lan-organoa. 2018an sortu zen eta 240 parte-hartzaile baino gehiago ditu: enpresetako eta erakunde publikoetako kideak, ezagutza-eragileak, eta metodologiarekiko interesa partekatzen duten era guztietako Euskadiko entitateak. 

Batzordeak zehaztu eta bermatzen du metodoa ezartzeko ibilbide-orria, eragile guztien parte-hartzearekin, bereziki eraikuntzako euskal industriaren partaidetzarekin. Metodologia ezarri eta garatzeko arlo nagusiak kontuan hartuta, bost lantalde daude Batzordean: BIM Euskadi Behatokia, Lizitazio-prozesua, Prestakuntza, BIM Euskadi Agenda eta Proiektuen ikus-onespena. Lantalde bakoitzeko kideek taldearen ekintza-plana eztabaidatu, proposatu eta gauzatzen dute, BIM Euskadi Batzordearen estrategia orokorrarekin bat etorrita. 

Informazio gehiagorako:  

Web-orrialdea: www.bimeuskadi.eus