2021eko urtarrila.- AP-8 autobidea zein Artxandako Tunelak eta Metropoli Hegoaldeko Saihesbidea zaintzeko, mantentzeko eta ustiatzeko kontratuetan lehen aldiz sartu dute baldintzatzat BIM metodologia erabiltzea, eta, horrekin batera, berrikuntza-neurriak ezartzea ingurumen-jasangarritasunaren eta errepidea sentsorizatzearen arloetan, besteak beste.
Interbiak foru-sozietate publikoak (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko departamentuari atxikita dagoenak) sustatzen dituen zerbitzu horien kontratuen lizitazio-agirietan hala dago jasota. Bost urteko epean —2021eko ekainetik 2026ko ekainera— kontratuak lizitatzeko agiriak dira. Bi kontratuen xedeak honako hauek dira: prebentzio-lanak egitea azpiegitura egoera onean egon dadin, ibilgailuen joan-etorri segurua eta arina ahalbidetzea, segurtasun-baldintzak kontrolatu eta hobetzea, eta bidesarien kobrantza kudeatzea.
Hala, BIM teknologia (eraikuntzako informazioaren modelizazioa, ingelesezko sigletan emanda) erabili beharko da azpiegitura berri guztien eraikuntzan, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako baldintzetako bat baita. Metropoli Hegoaldeko Saihesbidean erabiliko da estreinakoz gainegitura-proiektu baterako, eta aukera emango du talka-puntuak aldez aurretik ikusi eta konpontzeko.
Horrenbestez, kamerak, haizagailuak, suteetako ur-harguneak, seinaleak, luminariak eta abar azpiegiturara egokituta instalatuko dira; gainera, instalazioa martxan jarri ondorengo mantentze-lanak askoz efizienteagoak izango dira.
Kontratu horien lizitazioaren oinarrizko prezioa 150,5 milioi eurokoa da guztira; horietatik 79 milioi AP-8 autobidearen kontratuari dagozkio, eta 71,5 milioi Artxandako Tunelen eta Metropoli Hegoaldeko Saihesbidearen kontratuari. Nolanahi ere, ordaindutako zenbatekoak hainbat irizpide betetzearen mende egongo dira. Ildo horretan, Foru Aldundiak adierazleak ezarri ditu zenbait eremu ebaluatzeko, hala nola bide-segurtasuna, lan-segurtasuna, erabiltzaileen erreklamazioak, kontserbazio- eta zaintza-zerbitzuaren kalitatea eta erabiltzaileei eragindako kalteak.
Argazkia: Deia