Berrilan Basque Tech Summit III. jardunaldietan egindako lantegiaren emaitza
BIM Euskadi Batzordeak jakinarazi duenez, BIM metodologia Euskadiko sektore publikoan ezartzeari buruzko azterketa laburbiltzen duen txostena argitaratu da. Berrilan Basque Tech Summit III. (BBT2025) jardunaldien barruan —joan den urriaren 23an, Donostian— egin zen lantegiaren emaitza izan da. Ekitaldiko parte-hartzaileek zehaztu zituzten ondorio, erronka, irtenbide eta aukera nagusiak biltzen ditu argitalpenak.
Berrilanek antolatu zuen lantegia, ADEGI, ASCONGI, buildingSMART Spain eta BIM Euskadi Batzordearen laguntzarekin. 50 profesional inguru elkartu ziren bertan, administrazio publikoetakoak, sektore pribatukoak eta teknikariak. Eusko Jaurlaritzak ere hartu zuen parte jardunaldian, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko buru Denis Itxasok hitzaldia eskaini baitzuen. Horrelako topaketak erronka estrategikoei heltzeko garrantzitsuak direla nabarmendu zuen sailburuak, eta erronka horien artean aipatu zituen, besteak beste, hiri-plangintza integratua, parke publikoaren kudeaketa eta berrikuntza teknologikoa eraikuntzan.
Funtsezko sei ardatz dira azterketaren abiapuntua, eta horietako bakoitzean administrazioetan ohikoenak diren oztopoak jaso dira: aldaketaren kultura eta kudeaketa; gaitasunak eta prestakuntza; barne-prozesuak; gobernantza eta araudia; teknologia eta datuak, eta plangintza eta irismena. Diagnostiko hori oinarritzat hartuta, dokumentuak irtenbide zehatzak proposatzen ditu, hala nola barne-gobernantza eta BIM lidergoa indartzea, erabilera-kasu zabalgarriak lehenestea, prozesuak eta datuak estandarizatzea, eta taldeen prestakuntza estrategikoa bultzatzea.
Erronkak identifikatzeaz gain, BIM metodologiak sektore publikoari eskaintzen dizkion aukerak aipatzen ditu txostenak; adibidez, barne-efizientzia hobetzea, departamentuen arteko koordinazioa eta aktiboak kudeatzeko lankidetzazko ikuspegi jasangarria sendotzea.
BIM Euskadi Batzordeak parte-hartze aktiboa izan zuen lan-mahaiak antolatzen eta dinamizatzen. Haren arabera, txostena argitaratzea pauso garrantzitsua da BIM metodologia administrazio publikoetan eraginkortasunez ezartzeko bidean. Dokumentua tresna baliagarria da digitalizazioa eta elkarreragingarritasuna indartzeko politikak, prozesuak eta ekintzak bideratzeko Espainian.
Txostena eskuragarri dago kontsultatzeko eta deskargatzeko; izan ere, erreferentzia izatea du helburu, bai kudeatzaile publikoentzat, bai sektoreko profesionalentzat eta bai kontratazioaren eta kudeaketa publikoaren eraldaketa digitalean inplikatutako eragileentzat.
TXOSTENA