BIM metodologiak 2020-2024 aldian izan duen ezarpenari buruzko txostena argitaratu du BIM Euskadi Batzordeak. Metodologia horrek EAEn duen egoerari buruzko ikuspegi integrala jaso du lanak.
Metodologiaren inguruko aurrerapenen eta merkatu-dinamiken erakusgarri diren funtsezko alderdi batzuk jaso ditu dokumentuak; horien artean, lizitazioen bolumena. Ildo horretan, BIM metodologia erabiltzea eskatu duten lizitazio publikoen kopurua eta balioa aztertu dira txostenean, eta, gainera, EAEko lurralde bakoitzean metodologiak izan dituen hazkunde- zein atxikitze-patroiak zehaztu dira. Era berean, Euskadin BIM metodologiaren ezarpena bultzatu duten administrazioak aipatu dira, eta lizitatutako proiektuetan metodologia txertatzea erraztu duten politikak, arauak eta jardunbideak berrikusi. Lizitazioetan izandako bajak ere jaso ditu txostenak, eskaintzetan izan diren bajetan BIM metodologiak izandako eragina ebaluatuz; baja-mota lizitazioaren izaeraren arabera —proiektuen idazketa, eraikuntza-lanak eta/edo azpiegitura-lanak— aztertu da.
«Eraikuntza-lanen esparrukoak dira BIM proiekturik garestienak»
Elementu horien azterketari esker, BIM metodologiak Euskadin izan duen aurrerabidearen ikuspegi argi eta zehatza lortu da, eta aukera eman du, lortutako helburuak zein lortzeke daudenak zehazteko. Faktore horiek hobeto ulertuz gero, estrategia eraginkorragoak garatu ahal izango ditugu, etorkizuneko proiektuetan BIM metodologia ezartzeko eta ezarpena hobetzeko. Txostenak, eskualdean BIM metodologiak gaur egun duen egoera ebaluatzeko balio izateaz gain, gomendioak eskainiko ditu, datuetan eta analisietan oinarrituta, Euskadiko eraikuntza-proiektuen efizientzia eta kalitatea hobetzeko. Informazio hori eskuetan, sektoreko enpresetan erabakiak hartzen dituzten arduradunek eta administrazio publikoek indarrak koordinatu ahal izango dituzte, eraikuntza-industria modernoagoa, elkarlan handiagokoa eta jasangarriagoa izateko bidean aurrera egiteko.
Txostenaren ondorioetako batzuk:
- Aurrekonturik handiena duten proiektuak: BIM proiektu garestienak eraikuntza-lanen egikaritzeari dagozkio; nolanahi ere, proiektuak idazteko hasierako faseetan metodologiaren erabilera mugatua dela nabaritu da. Hori dela eta, BIM metodologia hasieratik txertatzearen garrantzia nabarmentzen du txostenak, haren eragina maximizatze aldera.
- Ezarpenean liderrak: BIM metodologia beren lizitazioetan txertatu dituzten erakundeen artean VISESA, SPRILUR eta parke teknologikoak nabarmendu dira; proiektuen bolumenari dagokionez, Bizkaia eta Gipuzkoa dira nagusi.
- Metodologia EAEn txertatzeko zailtasunak: Estatuan, agerikoa da administrazio orokorrak BIM metodologiarekiko duen konpromiso irmoa; alabaina, EAEko hiru hiriburuetako udaletan eta beste tokiko administrazio batzuetan txikia da metodologiarekiko atxikipena, eta, beraz, aukera dago teknologia horrek udal-mailan duen zabalpena hobetzeko.
Txosten osoa:
https://www.bimeuskadi.eus/wp-content/uploads/2024/10/INFORME-IMPLEMENTACION-BIM_2020-2024.pdf