BIM4REN PROIEKTUA: birgaitze energetikorako, lankidetzarako eta lehiakortasunerako tresna erabilgarriak

29 de ekaina de 2022

"

Europar Batasunean, eraikuntzaren industriak 3 milioi enpresa eta 18 milioi langile ditu, eta BPGd-aren % 9 osatzen du. Era berean, EBko azken energia-kontsumoaren % 40 inguru sektoreari dagokio, eta Europako berotegi-efektuko gasen % 36. Europako ekonomia deskarbonizatzeko helburu globalak lortze aldera, 2050. urterako, sektoreak % 80 murriztu behar ditu CO2 isuriak, eta % 50 behintzat gutxitu, energia-kontsumoa. 

BIM4REN PROIEKTUAREN JARDUNALDIA 

UZTAILAK 6 

EMAN IZENA HEMEN 

Beraz, eraikuntza berrian energia-efizientzia handitzea eta prestazio energetiko baxuekin eraikitako parkea birgaitzea dira Europaren apustuak. Azken hori zehaztasunez azaltzen da «Renovation Wave Strategy» txostenean. Eraikinak birgaitzeko erritmoa bizkortzea proposatzen du estrategia horrek, etxeen energia-efizientzia handitu eta CO2 isuriak murrizteko helburua bete dezaten. Europako eraikinen % 85 2001. urtea baino lehenagokoa dela kontuan hartuta, datorren hamarkadan bikoiztu egin beharko da birgaitze-tasa —% 1etik % 2ra— 

Erronka horri aurre egiteko, eraikuntzako profesionalen beharren arabera egokitutako metodo eta tresna berritzaileak behar dira, eta baita prozesu efizienteak eta elkarlanekoak ere balio-kate osoan zehar. Nolanahi ere, agerikoa da eraldaketa digitala oso poliki doala eraikuntzan. Gainera, industriaren barruan digitalizazio-mailarik txikiena duen sektorea da. Ondorioz, sekulako arrakala dago digitalizazioak eskaintzen dituen aukeren eta eraikuntzaren benetako egoeraren artean, eta are handiagoa birgaitzearen kasuan. 

Beraz, konplexua da digitalizazioaren bidez efizientzia hobetzeko erronka. Orobat, kontuan hartzekoa da sektoreko enpresen % 99,9 10 langile baino gutxiago dituzten ETEak direla, eta bizilekuen sektore pribatua birgaitzeko lanetan dihardutela, eskala txikian eta gutxieneko teknologiarekin. Horrez gain, baliabide mugatuak dituzte teknologian eta prestakuntzan inbertitzeko eta eraldaketa digitalari ekiteko. Dena den, eraikuntza-sektorearen negozioaren % 80 horrelako enpresei dagokie 

Testuinguru horretan, aukera paregabea sortu da sektorea oro har digitalizatzeko, bereziki birgaitzearen arloa. Produktibitatea handitzea ahalbidetuko duten prozesuak automatizatzea eta industrializatzea da xedea. Hain zuzen ere, proiektuak kudeatzeko metodologia gisa nabarmentzen ari da BIM, elkarlana, informazioaren zentralizazioa eta estandarizazioa sustatzen baititu. Hala, teknologia hori giltzarri bihurtu da eraikuntza-sektorearen garapen teknologikorako. Nolanahi ere, eskuragarria izan behar da kateko eragile guztientzat, eta askotariko jarduera eta prozesutara egokitu behar da. 

Garapen jasangarriko helburuen ildotik, eta eraikuntza-sektorearen lehiakortasuna handitu eta ETEen beharretara egokitzeko xedearekin, abian da BIM4Ren «BIM based tools & technologies towards a fast and efficient RENovation of residential buildings» Europako proiektua. Europar Batasuneko ikerkuntzako eta berrikuntzako Horizon 2020 programak (820773 zenbakiko akordioak) finantzatutako proiektuan 10 herrialdetako 23 bazkidek hartzen dute parte, Frantziako Nobatek zentroaren zuzendaritzapean. 2018an ekin zitzaion proiektuari, eta 2022ko irailean bukatuko da. Bizitegi-eraikinen birgaitze energetikoaren faseetan aplikagarriak diren tresnak —BIM metodologian oinarritutakoak— garatzea du helburu, bai eta integraziorako elkarlaneko plataforma sortzea ere, azken finean prozesuaren efizientzia eta eraikuntza-sektorearen produktibitatea handitzeko, batez ere birgaitze energetikoan diharduten ETEen kasuan. 

Proiektuko partaideen artean daude TECNALIA eta Kursaal Taldea euskal enpresak. TECNALIAk birgaitzea digitalizatzeko eskakizunak zehazten eta BIM metodologiarekin eta birgaitzearekin lotutako irtenbide teknologikoak garatzen hartu du parte. Birgaitze-lanak egiten dituen Kursaal Taldeak, berriz, bi bizitegi-eraikinen birgaitze energetikoaren erabilera-kasua ekarri du proiektura. ETEaren eskutik, proiektuaren esparruan garatutako ekosistema digitala probatu da birgaitze-lan horretan, eta prozesu tradizionalarekin alderatuta horrek ahalbidetu dituen hobekuntzak ebaluatu dira. 

Proiektuan zehar, birgaitze-prozesuaren beharren araberako lan-fluxu digitalak garatu dira, BIM ingurune ireki eta zentralizatuan oinarrituta. Birgaitze-prozesuko hainbat fasetarako metodologiak, prozesuak, teknologiak eta tresnak landu dira, eta eskuragarri daude kateko askotariko eragileentzat. 

2.0 berrikuntza irekiaren paradigman inspiratuta, prozesuan inplikatutako eragileekin probatu, frogatu eta egiaztatu dira garapenak kasu pilotuetan. Horiek living lab (bizitegi-laborategi) gisa erabili dira Milan, Paris eta Donostia hirietan. 

Proiektuari buruzko laburpena aurkituko duzu bideo honetan: «IKUS HEMEN JARDUNALDIAREN EGITARAUA»