Blockchain teknologia, eraikuntza-sektorearen aliatua

13 de urria de 2022

"

Eraikuntza-proiektuetan informazio ugari prozesatu behar izaten da prozesu guztiak egoki burutu daitezen. Nolanahi ere, eraikuntza-prozesua bera hain da konplexua, ezen tresna teknologikoak behar baitira erronkari aurre egiteko. Horregatik, erregistro banatuko teknologia (bloke-katea, blockchain) lagungarria da eraikuntza- eta koordinazio-prozesua seguruago, gardenago eta arinago gauzatzeko. Teknologia hori oso erabilgarria da eraikuntza-prozesuan konfiantza sustatu nahi badugu elkar ezagutzen ez duten eragileen artean, bai eta datuen, egindako lanen, erregistratutako materialen eta abarren zehaztasuna hobetu nahi badugu. 

Hori dela eta, enpresak bloke-kateen irtenbideak eskaintzen hasi dira. Hastapena besterik ez da, teknologia berria delako eta ezjakintasun handia dagoelako haren aplikazioaren inguruan. 

Merkatuan dauden ERP plataforma jakin batzuek prozesuak automatizatzen dituzte blockchain teknologiarekin, ingurune bateratuan. Hala, lan-kate batean inplikatutako alde guztien trazabilitatea eta efizientzia optimizatzen dituzte, bai eta betetze-prozesuak hobetu eta administraziokoak eta logistikoak bizkortu ere. 

Teknologia hori erabiltzea zentzuzkoa da, bereziki, fase guztietan erregistro aldaezin eta trazagarri bat behar duten alderdi guztiei segurtasuna eskaini behar zaienean, betiere inplikatutako eragile guztien artean adostutako ezagutzatik eta adostasunetik abiatuta. 

Sistema nabarmen hobetzeko eta haren automatizazio-maila handitzeko bidean, teknologia horrek hiru ekarpen nagusi egiten ditu: 

  • Ordainketak eta proiektuen kudeaketa 
  • Prozesuak eta hornidura-katea 
  • BIM eta aktiboen kudeaketa 

Azpimarratzekoa da «konfiantza-iturri bakar» (bloke-kateen erregistro) batera jotzearen garrantzia, gertatzen ari dena erregistratzeko eta, beraz, BIM metodologiaren 3. mailaren efizientzia hobetzeko. Obra baten bizi-zikloetan zehar egindako aldaketen traza aldaezinak lortuko ditugu horrela. 

Hori guztia erabat digitala den ingurune batean egiten denez, eskuzko prozesuak baztertu egiten dira, lan errepikakorrak makinek egingo dituztenez prozesu horiek arindu egiten dira, eta denbora gehiago ematen da prozesua bera gainbegiratzen eta hobetzen. 

Erabilera-kasua: hormigoiaren hornidura-katearen trazabilitatea 

Adibidez: hiru eragilek osatzen duten katean, eraikuntzaren hasierako hiru etapatan, blockchain teknologiak benetako prozesu baten efizientzia hobetzen lagun dezake. Honako hauek dira hiru eragileak: 

  • Fabrikazio-lantegiak: materiala sortzeko fasea 
  • Hormigoi-ibilgailuak: garraioaren logistika-fasea 
  • Obra: materiala aplikatzeko fasea 

Etapa honetan, katearen arduradunen ustez, prozesuaren efizientzia lortzeko arazo-multzo bat konpondu behar da: hormigoiaren kalitatea bermatzea, sorta slump testaren bidez kontrolatzea, garraio-baldintzak, operazioa eskabidea egiten den unetik sinkronizatzea eta abar. 

Lan zehatza da, eta elkarri lotuta dauden prozesuetako batek huts egiten badu, aurreikusi ez diren kostuak sor daitezke. 

Horregatik, beharrezkoa da informazio guztia elkarlaneko plataforma digital bakarrean erregistratzea, eragile guztien ekintzak zentralizatu eta koordinatzeko, eta arduradunek eskura izan dezaten oinarrizko informazioa, honako hauei buruzkoa, adibidez: 

  • Fabrikazio-lantegia: 
  • Eskabidearen identifikadorea 
  • Fabrikazio-egoera 
  • Ordainketa-egoera 
  • Obra: 
  • Garraio-eskabidearen identifikadorea 
  • Erreferentzia-mota 
  • Kantitatea 
  • Ordainketaren egoera 
  • Garraioa: 
  • Lantegiko eskabidearen identifikadorea 
  • Ibilgailuaren ezaugarriak 
  • Garraio-denbora 
  • Ordainketa-egoera 

Horrela, airean geratu diren zenbait kontu argitzen dira: badago arazorik materialaren kalitatearen inguruan?, jaso dut sorta edo garraio bakoitzari dagokion ordainketa?, materiala bat dator eskatutako erreferentziarekin?, zenbat kamioi ari dira lanean prozesuan?, egikaritze- eta itxarote-denbora efizientea da? 

Zalantza guztiak suntsitu egiten dira, blockchain (bloke-kate) edo antzeko erregistro aldaezin bat eskura duzunean, elkarlaneko prozesuaren etapa guztiak grabatuta geratzen diren ingurune baten barruan.