Eraldaketa digitala eraikuntza-industrian

9 de iraila de 2022

"

BIM metodologia funtsezko tresna da eraikuntza-industriaren sektoreko enpresen eraldaketa digitala bultzatzeko. Digitalizazioaren harira, sektorean ezar daitezkeen teknologia ugari sortu dira. Nolanahi ere, teknologia horietako asko —guztiak, beharbada— BIM metodologian oinarritzen dira, nola edo hala, enpresa-prozesuei dagokienez.Sektorean dauden «digitalizazio-aukera» ugariak direla eta, askotan zaila izaten da bat aukeratzea. Ildo horretan, sektoreko enpresa askok plan bat egin dute, ibilbide-orria sortzeko eta kronograma batean jasotako helburu eta ekintza zehatzak burutzeko gida izan dadin.Hauek dira eraikuntza-industriarako interesgarriak izan daitezkeen eta aplikazio zehatzak dituzten teknologietako batzuk: 

Errealitate areagotua 

Teknologia horrek eragin handia du eraikuntzaren industrian, eta hainbat aukera eskaintzen ditu balio-katean, besteak beste: bezeroaren etxebizitzako espazioak irudikatzea eta instalazioen mantentze-lanetan lagungarri izatea. 

Bloke-katea (blockchain) 

BIMen gerta daitezkeen aldaketak eta horien arduraduna ezagutzea ahalbidetzen duen segurtasun-teknologia. Aurrerapauso handiak egiten ari dira teknologia horretan, eta egungo araudiarekin bat etorri beharko da. Egungo eraikuntza-ereduan aldaketak egitea ahalbidetuko du, eragile askoren inplikazioaren eta datu-ekarpenaren bidez. 

Adimen artifiziala 

Sektorean hastapenetan den teknologia. Algoritmoetan eta aurreko esperientzietan oinarritutako erabakiak hartzea ahalbidetuko duen eredu geometriko eta parametriko bat oinarri duela funtzionatu behar du. Enpresei onura ugari eskaintzen dizkie, errendimenduak hobetuko dituzten irtenbideak eta aurrezpenak ahalbidetzen baititu, besteak beste. 

Geolokalizazioa 

Eremu guztietan aspaldi erabiltzen den teknologia bada ere, beste elementu batzuetan txertatzen denean oso interesgarria da industria-sektoreentzat. Eraikuntza-industrian, esaterako, obra baten edo enpresa baten kostuak aurrezten lagun dezake, enpresaren aktiboak, tresnak edo makinak geolokalizatu baitaitezke. Nolanahi ere, erabilera horiek eta langileengan izan ditzaketen ondorio pertsonalak bateragarri egin behar dira. 

Beste batzuk 

Teknologiek eskaintzen dituzten aukerak banaka erabil daitezke, edo, eraginkorragoak izateko, batera. Dena den, BIM metodologian oinarritutako sektore-ereduaren digitalizazioa nahitaezkoa da kasu guztietan. BIM metodologia ezartzen duenak egoera hobea izango du beste teknologia batzuk eraginkortasunez ezartzeko, enpresan errendimenduak hobetzea eta lehiakorrago izatea ahalbidetuko duten teknologiak, alegia.