Errealitate mistoak eraikuntzan eskaintzen dituen aukerak

23 de azaroa de 2022

"

Eraikuntza-sektorean eraldaketa sakona eta bizkorra ari da gertatzen, egiturazko zenbait faktoreren ondorioz: digitalizazioa, ekonomia zirkularra eta kualifikatutako langileen falta, labur esanda. 

Asko dira eraikuntza-prozesuan nolabait eragiten duten 4.0 teknologia digitalak, besteak beste, Gauzen Internet (IoT), datu handiak (big data), hodei-konputazioa, robotika, blockchaina (bloke-kateak) eta BIM eredua. Oraingoan, errealitate mistoa esaten zaion teknologiari buruz hitz egingo dugu. 

Azken urteotan, ingeniaritza grafikoan izan diren aurrerapen handiei esker, gaur egun 3D eredu erabat errealistak eskura ditzakegu web-inguruneetan eta, beraz, bestelako gailu batzuetan ere, smartphoneetan eta tabletatan, adibidez. Bestalde, soinean eramateko beste gailu pertsonal batzuek (betaurrekoek, kasu) bilakaera nabarmena izan dute, aplikazio oso funtzionalak emateraino. Enpresek dagoeneko ustiatu dituzte aplikazio horiek, eta ildo horretan gauzatu dituzten lorpenen artean dago, besteak beste, «esku libreen» kontzeptua, produkzio- eta/edo eraikuntza-operazio askotan oso interesgarria dena. 

Aukera horiekin, ulertzekoa da gaur egun bideragarria dela (eta kasu askotan gomendagarria, segur aski) «biki digitala» sortzea; hau da, benetako ereduaren erreplika zehatz eta erabat funtzionala —benetako eredu hori aktibo higiezina, makina edo eraikuntza-prozesua izan daiteke, esaterako—. 

Errealitate mistoak bi ereduekin batera lan egiteko aukera ematen digu: eredu fisiko errealarekin eta biki digitalarekin, alegia. Horrek funtzionalitate interesgarriak ahalbidetzen ditu: 

  • Eredu fisikoari —bere benetako kokalekuan— bikiaren informazioa eta/edo eduki digitala txertatzea. 
  • Bi ereduak modu intuitiboan konparatzea, akatsak, desbideratzeak eta abar antzemateko. 
  • Hainbat lekutan dauden pertsonen arteko murgiltze-bilerak egitea, 3D eredu bakarra partekatuta. 
  • Bulego teknikotik urrutiko laguntza ematea landa- edo obra-langileei, eduki grafikoa, bideoak eta abar partekatuz. 
  • Obra-ikuskapena automatizatzea, erregistratzea eta ziurtatzea, beharrezkoak diren 3D edukiak barne. 
  • Baterako diseinua egitea, prozesuan interesa duten alderdien parte-hartzearekin. 
  • Prestakuntza-prozesuak nabarmen azkartzea, 3D murgiltze-ereduen bidez. 
  • Obretako segurtasuna areagotzea, eraikuntza-prozesuen simulazioen bidez… 
     
    Eta beste asko, espazio-faltagatik artikulu honetan azaldu ezin ditugunak. 

«Errealitate mistoak aukera ematen digu, arkitektura-maketa tradizionalaren adierazgarritasuna eta 3D biki digitalaren moldakortasuna eredu bakarrean erabilgarri izateko, eta, gainera, eredu hori munduko edozein lekutan dagoen beste erabiltzaileren batekin partekatzeko. 

Modu grafikoagoan azalduta, errealitate mistoari esker —betaurreko egokiak erabiliz, bereziki Hololens 2 direlakoak—, eredu bakarrean lortuko ditugu arkitektura-maketaren adierazgarritasuna eta 3D biki digitalaren moldakortasuna —dimentsioak, materialak eta abar interaktiboki alda daitezke—, eta, horrez gain, eredu hori munduko edozein lekutan dagoen beste erabiltzaile batekin partekatzeko aukera izango dugu.Era berean, errealitate mistoaren kontzeptuaren barruan daude ezagunagoak diren beste batzuk: errealitate birtuala eta errealitate areagotua, adibidez. Teknologia horiek geratzeko etorri dira, zalantzarik gabe, eta beste errealitate batzuk ekarriko dituzte laster, hala nola errealitate hedatua (pertsonaren eta biki digitalaren arteko interakzioa barne) eta metabertsoa. Azkenik, teknologia horrek arrakasta izan du hainbat eremutan; adibidez: 

Instalazioak monitorizatu eta mantentzen eraikuntza tertziarioan 

  • Instalazioak eta/edo obrak ikuskatu eta ziurtatzen 
  • Makina astunak erabiltzeko trebakuntzan 
  • Arkitektura-diseinua egiaztatzen 

Idazketa: Rafael Ispizua 

Enpresa: beXReal