Joan den abenduaren 2an, ostiralez, enpresa-talde interesgarria bildu zen «Five BIM» jardunaldian. Enpresa horiek BIM metodologiaren programazioa ari dira garatzen, prozesuen efizientzia eta errentagarritasuna hobetzeko xedearekin. Eraikunek Tecnaliaren lankidetzarekin antolatutako ekitaldian, zenbait proiektutan izandako esperientzien berri eman zuten; programazioaren bidez profesionalen prozesuak erraztu dituztela azaldu zuten.
Online jardunaldia grabatuta dago eta esteka honetan dago ikusgai
BIM Batzordeko arduradun Daniel Barredok eman zion hasiera ekitaldiari. Batzordeak berak antolatu zuen jardunaldia, eta haren bidez ekintza berriak plazaratuko dira laster. Tecnaliako Eraikuntzako Zerbitzu Digitaletako Laborategiko arduradun Abel Capelasteguik ere hartu zuen parte irekiera-saioan. Oinarrizko programazio-eremuen aurkezpen orokorra egin zuen, horixe baitzen, hain zuzen, hurrengo ekitaldiko gai nagusia.
«Bizkaia Connected Corridor» lehen hitzaldia Eduardo Casadok eta Abel Capelasteguik eskaini zuten. Bide-azpiegiturak digitalizatzea eta lurralde osoan mugikortasuna kontrolatzea helburu duen proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoarentzat duen garrantzia nabarmendu zuten. Haien hitzetan, proiektuak «mugikortasun adimenduna sortuko du», eta horrek eragin nabarmena izango du, datozen urteetan, prebentziozko mantentzean, auto-ilaretan, istripuetan eta beste eremu batzuetan.
Jarraian, «Grunwalder estadioa eta haren geometria parametrikoa» gaiari buruz mintzatu ziren Jonathan Chanca eta Izaskun Macias. Elementu parametrikoetatik abiatuta, errepikakorrak izan daitezkeen elementuak diseinatzearen garrantzia azaldu zuten, horri esker denbora asko aurrezten dela nabarmenduta.
Ondoren, Jon Hernandezek eta Mikel Quintanak «Datuen osagai anitzeko geometria» gaia izan zuten hizpide; hain zuzen ere, Onddi Estructuras Espaciales enpresaren jardueraz eta proiektuez hitz egin zuten.
Bukatzeko, Miguel Gutierresek, Laura Pérezek eta Alain Villanuevak «XR siloak. Siloen BIM eredu sinplifikatuaren automatizazioa» proiektuaren berri eman zuten. Proiektua Tecnalian landu dute, Prado Storage Solutions enpresarekin lankidetzan, prozesuak hobetu eta konpainia hobeto kontrolatzeko xedearekin. Funtzionatzen ari dela azaldu zuten, eta ez bakarrik BIM ereduekin, baita errealitate birtualarekin ere. Horri esker, prozesuak hobetzeaz gain, in situ aurki litezkeen oztopoak gainditu direla adierazi zuten.
Txostenak aurkeztu ostean, hizlariek mahai-inguruan hartu zuten parte eta saioa online jarraitzen ari zirenen galderei erantzun zieten.
Ekitaldia bukatzeko, BIM Batzordea datozen urteetarako planifikatzen ari den ekintzak aipatu zituen Daniel Barredok.