«Bim4energy» ekimenaren bidez hezkuntza-baliabideak sortuko dira Espainiako, Errumaniako, Lituaniako eta Norvegiako goi-hezkuntzako ikasleentzat eta udal-teknikarientzat
Cartagenako Unibertsitateko Hidro@M (hidraulika-, itsaso- eta ingurumen-ingeniaritzako) taldeko ikertzaileek koordinatzen dute «Bim4energy» Europako proiektua, eta Errumaniako, Lituaniako, Norvegiako eta Espainiako erakundeek hartuko dute parte bertan. BIM metodologia erabiliz eraikinen energia-efizientzia ebaluatzeko hezkuntza-baliabideak eskainiko ditu proiektuak.
«Bim4Energy: BIM digital competencies to evaluate and improve the energy efficiency of European buildings. A digital way towards positive energy districts» (KA220-HED-A2941251) proiektuarekin sortuko diren hezkuntza-materialak batez ere lanbide-heziketako, ingeniaritzako (nagusiki ingeniaritza zibileko) eta arkitekturako ikasleei bideratuta daude, eta baita titulu horietako irakasleei, udal-teknikariei eta eraikuntzako langileei ere. Beraz, eraikinen ebaluazio energetikoa egiteko BIM eta halako teknologia digital berriak erabili behar dituzten eragileentzako materiala izango da.
Interesdunen esku jarriko diren hezkuntza-baliabideen artean, nabarmentzekoa da eraikinen energia-efizientziari buruzko material didaktikoak landuko direla, eta, gainera, BIM eta GIS teknologietan oinarritutako web-aplikazioa jarriko dela martxan, lehendik dauden eraikinen birgaitze energetikorako irtenbideak eskaintzeko.
Ikerkuntza-lanak 250.000 euroko finantzaketa jaso du Europar Batasuneko Erasmus+ programatik. Parte-hartzaileei dagokienez, egitasmoko partaide dira Errumaniako Cluj-Napoca Unibertsitate Teknikoa, Lituaniako Vilniuseko Eraikitzaileentzako Prestakuntza Zentroa, Espainiako Ceutí udalerriko eta Errumaniako Alba Iulia hiriko udalak, eta Norvegiako Rambøll enpresa, ingeniaritzan, arkitekturan eta aholkularitzan diharduena.
Proiektua 2025eko abuztura arte egongo da abian, eta hezkuntza-materialen bidez ezagutza eta tresna nahikoa eskainiko dizkie hartzaileei, eragile izan daitezen Europako etxebizitza-parke efizienteagoa lortzeko trantsizioan, energia-faktura murriztuz.
UPCT eta BIM metodologia
Bide, Ubide eta Portuen Ingeniaritzako eta Meatzeen Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan diharduten Antonio Vigueras eta José Manuel Olmos irakasleak dira ekimenaren buruak. Biek ala biek esperientzia dute BIM metodologiari buruzko Europako ikerketa-lanetan. BIMVET3 proiektua burutzeko bidean da Cartagenako Unibertsitate Politeknikoaren (UPCTren) koordinaziopean, Lituaniako, Portugaleko, Turkiako eta Espainiako zenbait erakunderen lankidetzarekin. Ikerlanean 25 tutorial baino gehiago sortu dira online formatuan, eta BIM metodologia lanbide-heziketan ezartzeko ikasketa-planean sartu dituzte. Baliabideok eskuragarri daude proiektuaren webgunean (BIMVET3.eu).
Gaur egun, Norvegiako, Errumaniako eta Espainiako adituen partaidetza duen BIM-LCA proiektuko kide da UPCT. UPCTko ikertzaileek bizi-zikloa aztertzeko aplikazioa (LCA) ari dira garatzen. Horretan, baliabideen kontsumoari eta berotegi-efektuko gasen isuriei erreparatzeaz gain, bestelako ingurumen- eta gizarte-ondorioak ere hartuko dituzte kontuan, eta, horri esker, eraikinen bizi-ziklo osoan jasangarriagoak eta eraginkorragoak izango diren azpiegiturak eraiki ahal izango dira. Aplikazio mugikorra diseinatzeko, inkesta bat —hemen dago eskuragarri— ari dira egiten, informazioa biltze aldera. Inkesta beteko dutenen artean Kindle Unlimited zerbitzurako sei hilabeteko harpidetza zozkatuko dute.
Iturria: Cartagenako Unibertsitate Politeknikoa