BIM metodologian oso aurreratuta dauden enpresetan sortu dira dimentsio horiek. Prozesuetan txertatu dituzte, eta abantailak lortu, enpresan bertan eta baita BIM ereduan ere.
Duela urte batzuetatik hona, bost BIM dimentsio jo izan dira lehentasunezkotzat eraikina egikaritzeko. 3D eredutik hasi eta 7Dra iristen ginen, ustiapenera edo operazio-fasera, alegia.
Erabiltzaile askok dakitenez, BIMeko dimentsioetan hainbat ekintza hartzen dira kontuan, guztiak ere obra-prozesuaren barruan daudenak. Dimentsio horiek baliagarriak dira, halaber, BIM metodologiaren ezarpen-maila ezagutzeko, dela enpresan, dela erakunde publikoan. BIM Batzordearen kasuan, metodologiak sektorean duen ezarpen-maila jakiteko balio dute.
Gerora ezagutu diren dimentsioak BIM metodologian oso aurreratuta dauden enpresetan sortu dira. Prozesuetan txertatu dituzte, eta abantailak lortu, enpresan bertan eta baita BIM ereduan ere. Ondorioz, dimentsio berriak baliozkotu dira:
- 8D, segurtasuna eta osasuna
- 9D, LEAN Construction
- 10D, industrializazioa BIM metodologia erabiliz
BIM metodologiaren 8D dimentsioak segurtasunari eta osasunari buruzko informazioa eransten dio eraikuntzaren eredu geometrikoari, diseinatzeko eta egikaritzeko faseetan. Zalantzarik gabe, elementu hori egungo obra guztietan dago eta ekarpen handia egiten die BIM ereduei.
Praktikan, obra bat segurtasun-elementuekin modela daiteke (hesiak, biltegiak, aldamioak, makinak, seinaleak eta abar), eta errealitate birtualaren edo render bidez bistara daiteke. Dimentsio horren helburua arriskuak prebenitzea da, eta informazioa modelatzea biki digitala erabiliz. Obrarekin batera eguneratzen denez, informazio erabilgarria eskaintzen du, sektorean istripuei aurrea hartzen laguntzeko.
Euskadin, sektorean 2.242 istripu zenbatu ziren 2021eko lehen seihilekoan. Sektore guztien artean eraikuntzak du ezbehar-tasarik handiena (39,8 lan-baja, mila langile landuneko). Teknologia horrek ezbehar-tasa murrizten lagun lezake, eta aukera bikaina eskaintzen du eraldaketa digitalaren arlotik.
9D dimentsioa, berriz, prozesuak ahalik eta gehien optimizatzera bideratuta dago; hau da, LEAN teknikak ezartzen ditu obraren barruan. LEAN filosofia ahalik eta hondakin gehien ezabatzean datza.
Dimentsio berri horren esparruan, obrako prozesuak automatizatu eta hobetzeko aukera ematen duten LEAN teknika ugari erabil daitezke. Kontuan hartu behar da prozesu horiek hainbat hilabete iraun dezaketela eta, beraz, obrak puntu askotan optimiza daitezkeela. Hala, obra bera hobetzea eta denborak murriztea lortuko da.
Euskal enpresa-sareko enpresa batzuk dimentsio horietako batzuekin lanean ari dira dagoeneko, Last Planner System delakoarekin, esaterako. LEAN teknika horrek azken kate-mailatik planifikatzea eskatzen du. Horri esker, izugarri hobetzen da gremio guztien ulermena eta plangintza, eta lan-erritmoa (tack time) berdina da produkzioko gremio guztientzat.
Bukatzeko, BIM metodologia bidezko industrializazioa da 10D dimentsioa. Atal hau aurrekoarekin lotuta dago, eta, era berean, LEAN filosofiatik dator. Kontuan hartzekoa da LEANek industria-sektorean duela jatorria, eta sektore hori ez dator bat gurearekin, prozesuak in situ kontzentratzen baitira.
Izan ere, eraikuntza-industriaren bilakaera oso lotuta dago sektorea industrialtzat jotzearekin eta horren arabera antolatzearekin. Aurretiko prozesuen plangintza eta efizientzia hartzen dira kontuan, obrara iritsi eta produktu horiek bertan mihiztatzeko. Industrian eraikitzea eta in situ mihiztatzea.