BIM metodologiaren erabileraren ildotik, BIM erabiltzaileen taldeak sortu dira hainbat autonomia-erkidegotan; leku batzuetan, bat baino gehiago. Taldekideak AEC (architecture, engineering and construction) sektoreko profesionalak dira, eta metodologia zabaldu eta ezagutzera emateko nahiak batzen ditu. 2016. urtetik dago martxan guBIM taldea Euskadin eta Nafarroan, eta aktiboenetakoa da. Sortzaileetako batekin hitz egin dugu, Cristina Rodriguezekin.
Zer da BIM erabiltzaileen taldea eta zertarako sortu da?
Lanean, prestakuntzan edo arlo pertsonalean BIM metodologiarekin nolabaiteko harremana duten pertsonen talde heterogeneoa da. Lankidetzaren bidez, sektorean arlo horretan izandako aurrerapenen berri jasotzeko sortzen dira taldeak.
Nortzuk dira kideak, zer profil dute eta zer interes partekatzen dute?
Erabiltzaile-taldeetako kideek 4.0 eraikuntzaren eta 4.0 industriaren inguruko interes teknologikoa izaten dute eta AEC sektorearekin lotuta egoten dira, nagusiki.
Zer jokabide du taldeak? Baduzue funtzionamendu egokirako araurik, talde- edo erakunde-egiturarik, komunikazio-kanalik, kideen zeregin zehatzik…?
Oro har, taldeetan antolatzaile bat edo gehiago egoten dira, eta horiek arduratzen dira bilerak gidatzeaz. Taldeen tamainaren arabera, hainbat rol daude zereginak edo azpilantaldeak antolatzeko. Barne-komunikazioko kanalak taldeen araberakoak izaten dira, baina koordinatzaileen arteko komunikazio ofiziala, Estatuan, Slack eta LinkedIn taldeen bidez gauzatzen da.
Zer talde daude Espainian? Badago beste batzuk baino aktiboagoa denik? Zergatik?
Espainian, gaur egun, hainbat autonomia-erkidegotan daude taldeak: Andaluzian (7 talde), Valentziako Erkidegoan (2 talde), Aragoin, Asturiasen, Gaztela eta Leónen, Katalunian, Extremaduran, Galizian, Balear Uharteetan, Kanarietan, Madrilgo Erkidegoan, Murtziako Erregioan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Estatu-mailako BIM erabiltzaileen talde bat ere badago, gainerako guztiak koordinatzen dituena, nolabaiteko ordenari eta koherentziari eusteko.
Egia da talde batzuen jarduera beste batzuena baino handiagoa dela, dagoeneko egin duten ibilbidea dela eta. Izan ere, talderen bat 2010 eta 2012 artean sortu zen. Ibilbide luzea egina izateaz gain, taldea biztanle-dentsitate handia duen hiriren batekoa bada, jarduera handiagoa izaten du sortu berri diren taldeek baino. Dena den, sortu berri diren taldeak ere aktibitate handikoak dira.
BIM Euskadi Nafarroa
Noiz eta nola sortu zen? Zenbat kide ditu gaur egun? Zein da haien profila eta jatorria?
Euskadiko eta Nafarroako erabiltzaile-taldea 2016an sortu zen, eta 2017an egin genuen lehenengo bilera. 100 kide inguru ditu eta gaur egun David Barco, Abel Capelastegui eta ni neu gara antolatzaileak. Askotariko profilak daude kideen artean, hainbat eremutan baitihardute: eraikuntzan, obra zibilean, sustapenean, ikerkuntzan, irakaskuntzan, klusterretan eta administrazio publikoan. Partaideak EAEkoak eta Nafarroakoak dira, taldearen izenak adierazten duenez.
Zer bilakaera izan du sorreratik?
Hasieratik, 2016tik, hainbat bilera egin dira aurrez aurre, askotariko gaiak aztertzeko. Prestakuntzari buruzko bileretan zenbait erabiltzailek ikastaroei eta masterrei buruz duten iritziaz hitz egin dugu. Beste topaketa batzuetan, berriz, biltzarretan —Autodesk Universityn, adibidez— izandako esperientziak izan dira aztergai. Zenbait bilkuratan gonbidatuak izan ditugu BIM metodologiaren inguruan garatutako softwareari buruz azalpenak emateko. Ildo horretan, harrera bikaina izan zuen Miguel Moreak Nomenclator aurkeztera etorri zenean, eta baita Jose María Abellánek ere, BIM Mamba neurketa-softwarea erakutsi zigunean. Era berean, bilera batzuetan, puntako teknologia duten eraikinak bisitatu ditugu; besteak beste, Kubik eraikina eta haren biki digitala. Bilkurak bertan behera utzi behar izan genituen osasun-egoera zela eta, baina hasi gara horrelako ekimenak berriro ere martxan jartzen.
Zer jarduera ari zarete gauzatzen gaur egun? Zer helbururekin?
Taldeko kideak zabalkunde-ekitaldietan, ikerkuntza-proiektuetan eta metodologia ezartzeko egitasmoetan laguntzen ari dira, eta parte-hartze aktiboa dute zenbait klusterretan. Helburu nagusia da BIM metodologiaren ezarpena eremu guztietan bultzatzea lortzeko, zabalkundea ematea eta lankidetzan aritzea.
Nola eta zertan ari zarete lankidetzan BIM Euskadirekin?
Erabiltzaileen taldeak kide bakoitzaren ikuspuntu profesionala eskainiz kolaboratzen du BIM Euskadirekin. Guztiok norabide berean arraun egitea da kontua, BIM metodologiaren hedapena eta normalizazioa ahalik eta ingurunerik gehienetan bultzatu ahal izateko. Erabiltzaile-taldeko kideek aktiboki hartzen dute parte BIM Euskadiko taldeetan.
Zer egin behar da erabiltzaile-taldeko partaide izateko? Badago bete beharreko baldintzarik?
Erabiltzaile-taldeko kide izateko ez da baldintzarik bete behar, proaktibotasuna eta ikasteko interesa besterik ez dira behar. Euskadiko eta Nafarroako erabiltzaile-taldeko partaide izan nahi duenak bat egin dezala LinkedIneko taldearekin (EBIME), eta aurreikusitako bilerei eta horietan aztertuko diren gaiei buruzko informazioa emango diogu.