Prest dago azaroaren 11ko #EraikuneStartUpDay jardunaldia

20 de urria de 2022

"

Eraikuneren egoitzan egingo da ekitaldia, azaroaren 11n, eta parte-hartzaileen artean izango dira Onyzeren sortzaileetako bat den Eneko Knörr eta Euskadiko Eraikuntzako Klusterreko sei enpresa teknologiko 

Jardunaldian hainbat irtenbide ezagutaraziko dituzte; besteak beste, BIM modelatzea, errepideak monitorizatzea, administrazio-prozesuak automatizatzea, eraikuntzako erosketak digitalizatzea, azpiegitura-zikloaren eraldaketa digitala eta eraikuntza-prozesuaren jarraipen-softwarea. 

#EraikuneStartUpDay jardunaldiaren lehenengo edizioan izena emateko epea zabaldu du Eraikunek. Aurrez aurreko ekitaldia izango da, eta klusterra osatzen duten oinarri teknologikodun proiektuak ezagutarazi nahi dituzte bertan. 

Jardunaldiaren helburua harremanak sortzea da, sarean lan egitea, aurkezpen-txanden eta B2B bilera pribatuen bidez. Gainera, Eneko Knörrek hitzaldia eskainiko du. Startup teknologikoetan espezializatutako negozio-aingerua (business angel) da, eta Onyze enpresaren sortzaileetako bat. 

#EraikuneStartUpDay jardunaldian Eraikuneko sei startup (enpresa teknologiko) ezagutuko ditugu: 

ASIMOB (Advanced Services In MOBility) enpresan Errepideetako Ikuskatzaile Autonomoa ari dira garatzen. Irtenbide horrek errepideak aldizka monitorizatzeko aukera eskaintzen du, eta, horretarako, adimen artifiziala, ikusmen artifiziala eta errepidetik normaltasunez doazen ibilgailuetatik bildutako datuak erabiltzen ditu. 

Bexrealek errealitate areagotuko eta mistoko irtenbideak garatzen ditu, eraikuntzako bizi-ziklo osoa kontuan hartuta: BIM modelatzea eta eskanerra, benetako kokapenaren posizionamendu holografikoa, murgiltze-bilerak elkarlaneko diseinurako, urrutiko laguntza obran, auditoretza eta ziurtapen digitala, mantentze-lanak IoT biki digitalarekin, eta teleportazioa pisu pilotuak eta zaharberritze-lanak ikusteko. 

Codecontract enpresa zuzenbide teknologikoaren alorreko (legaltech) startupa da. Administrazio-prozesuak automatizatu eta digitalizatu egiten ditu, plataforma bakarrean, eta, bloke-kateen (blockchain) teknologiari esker, informazioaren aldaezintasuna bermatzen du. 

Conkau softwareak eraikuntza-sektoreko erosketa-prozesu guztiak digitalizatzen ditu. Era horretako lehen softwarea da Espainian, eta erosketa-prozesuak azkartu eta eraginkortu egiten ditu. Kostuak zein denbora aurrezteko eta, aldi berean, hornidura-katearen irismena, efizientzia eta kontrola areagotzeko aukera eskaintzen die eraikuntza-enpresei (eta haien hornitzaileei). 

Gestiomaes enpresa azpiegituren ziklo osoaren eraldaketa digitalean espezializatuta dago. Sektoreari buruzko ezagutza integratzea eta berrikuntza teknologikoa dira gure apustuak. Ildo horretan, erabakiak hartzeko prozesua zeharka optimizatzeko neurrirako irtenbideak garatzen ditugu, prozesuak erraz eta denbora errealean hobetzeko. 

Odei.io startupa eraikuntzarako teknologian espezializatuta dago eta eraikuntza-lanak digitalki kudeatzeko softwarea eskaintzen du. Softwareak aukera ematen du obrak planifikatzeko eta denbora errealean jarraitzeko, automatikoki eta datuen analisian (data analytics) oinarrituta. 

#EraikuneStartUpDay jardunaldia bukatzeko, sare-lanerako (networking) ekitaldia egingo da. Bertan, enpresek aukera izango dute ekintzaileak aurrez aurre ezagutu eta haiekin hitz egiteko, B2B saioetan.