2022ko uztailaren 14a. Prestakuntza sustatzea, sentsibilizazioa eta zabalkundea areagotzea, eta BIM Behatokia 2022ko lizitazioekin eguneratzea izango dira BIM Euskadi Batzordearen lan-ardatz nagusiak, eta horien inguruan antolatuko dira hurrengo ekintzak.
Hala erabaki zuen BIM Batzordearen koordinazio-taldeak atzo egin zuen urteko bileran. Lantaldea Eraikune – Euskadiko Eraikuntzaren Klusterraren egoitzan bildu zen, kluster hori baita BIM Batzordearen sustatzailea.
Bilera horretan azken urtebetean gauzatutako ekintzak aztertu zituzten, eta baita iaz erabakitako ekintzen aurrerapena neurtzen duten Ekintza Planeko adierazle nagusiak ere.
Gainera, lortutako emaitzak ikusita, lantaldeko kideek ekintza-ildo hauek zehaztu zituzten datorren urtera begira:
- Sektoreko Behatokia eguneratzea 2022ko lizitazio publikoekin.
- BIM Batzordetik gaiaren inguruko sentsibilizazioa bultzatzea honako hauen bidez: sare sozialak, mezu elektronikoak, BIM Batzordearen artikulu interesgarriak, enpresei buruzko artikulu espezializatuak eta abar.
- Prestakuntza-erakundeei laguntzea, BIM metodologiaren eskakizunak betetzeko beharrezkoak diren gaitasunetan trebatzeko ikastaroak martxan jartzeko.
2018an sortu zenetik BIM Batzordeak lortu dituen emaitzen eta aurrerapenen ildotik, ekintza berriak erabaki zituzten bileran, sektorearen egungo egoera kontuan hartuta. Eraikunek, BIM Euskadi Batzordearen sustatzailea eta koordinatzailea den aldetik, ibilbide-orriaren eguneraketa landuko du, aipatutako ildo estrategikoetatik etorriko diren ekintzak zehazteko. Ondoren, batzordekideei aurkeztuko dizkie, gero martxan jartzeko.