REBUILD 2023

28 de apirila de 2023

"

BIM metodologia euskal eraikuntza-industrian eraginkortasunez sustatzeko ekintza-ildoak erakutsi zituzten Rebuild azokan 

REBUILD 2023 azokaren barruan, BIM Euskadiri buruzko jardunaldia egin zen Eraikuneren standean. Hainbat txosten aurkeztu ziren bertan, eta BIM metodologia euskal eraikuntza-industrian ezartzearen garrantziaren inguruan eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko aukera egon zen. Jardunaldian, adituek teknologia horren inguruko esperientziak eta ezagutzak partekatu zituzten, eta gure industrian BIM metodologia eraginkortasunez ezartzea sustatzeko ekintza-ildoak zehaztu ziren. 

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (EHAEOko) arlo teknikoko koordinatzaile eta BIM Euskadi lantaldeko kide Victor Otero Diazek azpimarratu zuenez, profesionalak eta ikasleak inplikatu behar dira BIM metodologiaren inguruko prestakuntzan eta trebakuntzan. Bestalde, NORTHBIMeko bazkide eta sortzaile Pedro Taberna Sanzek eraikuntza-sektoreko eragileen arteko lankidetzaren eta koordinazioaren garrantzia nabarmendu zuen, BIM metodologia eraginkortasun handiagoz ezartzeko. 

«Lankidetza, efizientzia eta errentagarritasuna izan ziren gehien errepikatutako kontzeptuak» 
Blas Beristain de la Ricak, I-INGENIAko Arkitektura, Energia-efizientzia eta Jasangarritasuneko zuzendariak, aurkeztu zuen Fhimasan prestatzen ari diren Operazio Zentro Aurreratua, aurten bukatuko dutena. Era berean, eraikinean bertan txertatu dituzten BIM metodologian oinarritutako zenbait teknologiaren berri eman zuen. Tech Friendlyko bazkide eta zuzendari Gonzalo Pellejero Sánchez-Izquierdok, berriz, BIM teknologiak eraikin adimendunetan eskaintzen dituen aukerak azaldu zituen, eraikinen energia-efizientzia eta errendimendua hobetzeko baliagarria delakoan. 

Azkenik, VIGUETAS NAVARRAS enpresako Nazioarteko Operazioetako zuzendari David Ilundain Goñik BIM ezartzen izan duten esperientziaren berri eman zuen. Teknologia horri esker produktibitatea eta produktuen kalitatea hobetu dituztela azaldu zuen. 

Azken finean, lankidetza, efizientzia eta errentagarritasuna izan ziren hitzaldi guztietan gehien errepikatu ziren kontzeptuak, eraikuntza-industrian berritzailea den metodologia definitzen baitute.