Seven BIM ekitaldi interesgarri eta berritzailea

2023ko abenduaak 4

"

Enpresa txiki eta ertainetan BIM metodologiaren inguruan izandako esperientzia berritzaileak aurkeztu zituzten Seven BIM ekitaldian, eta Euskadiko eta Nafarroako sektoreko profesionalen interesa piztu zuen 

Abenduaren 1ean egin zen Seven BIM ekitaldian Euskadiko eta Nafarroako berrogeita hamar profesional baino gehiago bildu ziren, metodologiaren garapen praktikoan izan diren aurrerapenak azaltzeko eta horien berri jasotzeko. 

Hamabost minutuko piluletan antolatu zuten ekitaldia, eta metodologiaren inguruko askotariko kasuak eman zituzten ezagutzera. Online jardunaldia dinamikoa izan zen, eta oso interesgarria, bai hizlarientzat eta bai entzuleentzat. 

BUILD:INN Euskadiko eraikuntzako klusterrak eta Tecnaliak antolatu zuten ekitaldia. Klusterreko proiektuen zuzendari Nerea Castillok hasierako hitzaldian adierazi zuenez, «zenbait ETEtan eredu tridimentsionaletan oinarritutako proiektuak ari dira lantzen, eta horien berri bertatik bertara jasotzeko aukera» eskainiko zuen jardunaldiak, eta enpresa horiek aurrez aurre ezagutzekoa. 

Castilloren esanetan, jardunaldiaren helburua bat dator BIM Batzordeak 2018an sortu zenetik duen asmoarekin: BIM metodologiaren ezarpena bizkortzen jarraitzea, prozesuen efizientzia lortzeko eta eraginkortasuna hobetzeko. Horretarako, eraikuntzaren sektoreari lagundu egin behar zaio, euskal enpresa-ehunak trantsizio digitala burutu dezan eta garatzen dituen proiektuetan BIM metodologia ezartzen joan dadin. 

Gaur egun BIM Batzordearen ardatz diren bost lan-ildoak aipatu zituen Nerea Castillok: Behatokia, Sentsibilizazioa, Prestakuntza, Enpresa-sustapena eta Ekintza berriak. Era berean, metodologia enpresa txiki eta ertainetan ezartzearen garrantzia nabarmendu zuen, euskal enpresa-ehunaren % 98tik gora ETEak baitira. «Eraikuntza-industriaren barruan aldaketarako potentzial handia dute; horregatik jarri nahi dugu arreta haiengan, horregatik dira hain garrantzitsuak klusterraren barruan», gaineratu zuen. 

Tecnaliako Mikel Quintanak azaldu zuenez, «eraikuntzaren sektoreak hobetzeko tarte nabarmena du, berritu eta modernizatzeko beharrik handiena duen sektorea baita, nekazaritza sektorearen aurretik». Gainera, «digitalizazioaren eta jasangarritasunaren bidean aurrera egin beharra» dagoela esan zuen. Horrelako teknologiak dagoeneko aplikatzen ari direla adierazi zuen Quintanak, baina oso gutxi oraindik ere. Haren iritziz, aniztasuna, balioa eta prozesua dira teknologia horren ezarpena bideratuko duten alderdi nagusiak. Bukatzeko, BIM metodologiaren izaera unibertsala nabarmentze aldera, adierazi zuen digitalizazioa ez dagoela mugatuta aurrekontu handiak dituzten enpresa handietara. 

«Parte hartuko duten enpresak erreferentziazkoak dira, eta dagoeneko espezialista dira BIM metodologia aplikatzen». 

Lehenengo txostena, hirigintza-bideragarritasuneko azterlanak optimizatzeko diseinu sortzaileari buruzkoa, BIEME Arquitecturako Mikel Arrillaga Mayozek aurkeztu zuen. Hitzaldian, Tecnaliaren eskutik garatutako Urban Tactis aplikazioaren proiektuaren berri eman zuen.Donostiako Udalaren «sustapen-bonoen» ekimenaren esparruan landutako proiektua da, eta algoritmo batean oinarritutako diseinu sortzaileko tresna diseinatzea du xede. Tresna hori lagungarria da diseinatzaileentzat, diseinu-prozesua optimizatzeko eta tresnak berak eskaintzen dizkien proposamenak hobetzeko balia baitezakete. Ondoren, David Ilundainek hartu zuen hitza, Viguetas Navarras enpresako zuzendari teknikoak. Familia-enpresa horrek berrikuntzan inbertitu du etengabe. Azaldu dutenez, gaur egun sektoreko enpresarik robotizatu eta industrializatuena da Europan. Enpresan erabiltzen duten Vn System fabrikazio-sistemaren berri eman zuen Ilundainek. «Nahiko erraza» dela ziurtatu zuen, eta 3D eredua duela oinarri. Eredu horrek parametro guztiak eta prozesu osoa hartzen ditu barne: plangintza, modelatzea, fabrikazioa eta logistika, eta muntaketa 
Prozesu horretarako, biki digitalaren teknologia ere erabiltzen dute produkzio-katean, prozesuaren garapena egiaztatuz eta kalibratuz ahalik eta akats gehien saihesteko. Kamioien karga eta automatikoki kargatzen eta deskargatzen den txasisa bera ere diseinatzen dutela nabarmendu zuen. Jarraian, Bexreal startupeko Javier Sordok eta Rafael Ispuzuak hitz egin zuten. Enpresa horretan, bideo-jokoen munduko eta gailu berrietako grafiko aurreratuak baliatzen dituzte eraikuntza-prozesuan aplikatu eta hainbat zeregin errazteko. Sordok eta Ispuzuak «Inspección 4.0. obra» hitzaldian azaldu zutenez, garatu duten teknologiak aukera ematen du planoak kontsultatzeko, argazkiak eta bideoak grabatzeko, kontrol-zerrendak egiteko, eta baita bideodeien bidez bulegoan den teknikariarekin harremanetan jartzeko ere, dela matxurak konpontzeko, dela mantentze-lanak egiteko. 

Gainera, BIM metodologiarekin sortutako 3D ereduak erabiltzen dituzte, errealitate mistoaz gainera, materialak, ekipamenduak eta abar sortzeko eta ingurune fisikoarekin interakzioan aritzeko. 

BIM metodologia etxebizitza industrializatuan erabiltzeari buruz mintzatu zen Jit Housingeko ordezkari Javier Carmona. 3D teknologia modularreko eraikinen fabrikazioan izan duen esperientzia azaldu zuen. «Zuzenean merkatura» irten eta eraikuntzan integratzen direla kontatu zuen. Haren iritziz, «industriaren» kontzeptua oso garrantzitsua da, eraikuntzatik haratago doalako eta «oraintxe gertatzen ari den etorkizuna» delako. Prozesuaren funtsezko lau urratsak zehaztu zituen: 

● Osagaikako eraikuntza 

Azken produktuen gainean modelatzea, parametro zehatzekin; horrek moldakortasuna ahalbidetzen du, eta osagai horiekin proiektuen % 80 bidera daiteke. 

● Lankidetza-prozesua, zeregin hauek ahalbidetzen dituen elkarlaneko tresnarekin: 

– Erabakiak aldez aurretik hartzea 

– Informazioa, egitekoak eta intzidentziak partekatzea 

– Egungo egoera vs non egon nahi dugun ikustea 

● Datuen analisia, enpresaren datu-basetik abiatuta, fabrikazio-prozesuari aurre egiteko. «Modelatze egokia lortzea da garrantzitsuena, eta horrek eraikinen berehalako balorazioa egiteko aukera ematen digu». 

●Datuaren trazabilitatea, hau da, kalitatea eta saldu osteko zerbitzua ziurtatzea sortutako familien diseinu onari esker. 

BIM metodologia digitalizazioaren oinarri izan den kasuaren berri eman zuen 107 Studioko Blas Beristainek. Fhimasa eraikuntza-enpresarentzako eraikina egiteko prozesuan erabilitako teknologia azaldu zuen. Teknologia horrek aukera ematen zuen eraikinaren energia-kontsumoak jakin eta kalibratzeko. Horri esker, informazioa jasotzeaz gain, energia-ereduetako aldaketak kalkulatu eta bezeroei jakinarazi zizkieten. Eredu digitala ere erabiltzen dute, eta horren gainean egiten dute lan. Aldaketen bidez kalkuluak eta energia-probak egiten dituzte. Esperientziak erakutsi dionez, «BIM metodologia eraikina hobetzeko tresna da, hura eraikitzeko eta, batez ere, mantentze-lanetarako, 6D eta 7D dimentsioei esker». 
Jardunaldia bukatzeko, Tecsako Gorka Arteta Hernándezek eta Tecnaliako Mikel Quintana Romok adimen artifizialaren gaiari heldu zioten beren txostenean. Hain zuzen, adimen artifiziala zeregin honetara aplikatuta aztertu dute: puntu-hodeietako patroiak ezagutzea BIM modelatze erdiautomatikorako. Azaldu zutenez, teknologia hori erabiltzen ari dira trenbide-azpiegituren mantentze-lanetan, azpiegiturok BIM metodologian integratzeko eta akatsen identifikazioa sistematizatzeko.