Enpresetan gero eta gehiago ezartzen dira BIMerako ISO ziurtapenak, baina bide luzea dago egiteko oraindik ere
Eraikuntzaren industriak ondo egin nahi ditu gauzak, eta, horretarako, nahitaezkoa da prozesuak efizienteak eta jasangarriak direla bermatzea, besteak beste. BIM metodologia ezartzen hastea aurrerapauso garrantzitsua da emaitza hori lortzeko. Gainera, urrats hori sendoagoa izango da prozesuren batean edo zati batean BIM ziurtatzen badugu. Arauaren eta enpresa ziurtagiri-emailearen zorroztasuna eta sinesgarritasuna daude ziurtapen-prozesuaren oinarrian. Horregatik, garrantzitsua da bai irakaslea (enpresa ziurtagiri-emailea) zorrotza eta zuzena izatea ikaslearekin (ziurtapena jaso nahi duen enpresarekin) eta bai hezkuntza-zuzendaritzak (adostasuna ebaluatzeko erakundeak) neutraltasunari eustea enpresa ziurtagiri-emaileen aurrean. ISO arau horien garrantzia nabarmentzean bat datoz UNEko (Espainiako normalizaziorako erakundeko) profesionalak eta enpresa ziurtagiri-emaileak, SGS, adibidez.
Aitor Aragón Basabe
Eraikuntza jasangarria eta BIM metodologia
Hain zuzen ere, Espainian metodologiari eragiten dion araua UNE-EN ISO 19650a da: BIM (Building Information Modelling) erabiltzen duten eraikuntzako eta ingeniaritza zibileko obretan informazioa antolatzea eta digitalizatzea. Informazioaren kudeaketa BIM metodologia erabiltzean. «Eraikuntzako eta ingeniaritza zibileko proiektu eta aktiboetan —bizi-ziklo osoan— informazioa eskuratzeko, erabiltzeko eta kudeatzeko esparrua, printzipioak eta eskakizunak zehazten ditu arauak» azaldu du Aitor Aragonek, UNEko Eraikuntza Jasangarriko eta BIMeko arduradunak.
Prozesuaren fase guztietan parte hartzen duten eragileei bideratuta dago ziurtapena: hasierakoan —diseinua, eraikuntza eta eraikitako aktiboak zerbitzuan jartzea—, garapen-fasea esaten zaion horretan eta, azkenik, aktiboen kudeaketarekin zerikusia duen fasean, operazioa eta mantentzea barne.
Ziurtapena eskuratu duten enpresen kopuruari dagokionez, Joaquín Martínez SGSko Eraikuntzako eta Obra Zibileko BIM arduradunak aipatu duenez, «datu zehatzik ez badago ere, azken bi urteetan eskariak gora egin duela ikusi da, batez ere Europako funtsen pizgarri ekonomikoek bultzatuta».
Oztopo nagusiak: ziurtapena lortzeko bermea eta kostu handia
Ziurtapena eskuratzeko bidean zenbait baldintza bete behar dira, eta, batzuetan, enpresek ez dakite ziur horiek betetzea lortuko duten. Zalantza hori eragozpen izaten da ziurtapenaren bideari ekiteko. Martínezen esanetan, enpresek «lehenik eta behin, ziurtapenaren kostua baloratzen dute, eta, ondoren, seguru jakin nahi dute azkenean ziurtapena lortuko dutela». «SGSn zalantza hori argitzen saiatzen gara, arrakalak aldez aurretik antzemateko azterketaren bidez. Zuzendu beharreko adierazleak zehazten ditugu, behin prozesua hasita atzera egin beharrik ez izateko», adierazi du.
BIM ezartzen hasteko arrazoiari dagokionez, merkatuaren aurrean konfiantza eta irudi ona emateko baliagarria dela aipatu du Aitor Aragónek; hau da, lehiakideen aldean kualitatiboki bereiztea dakarrela. Datu hori errentagarritasun-terminoetan adierazte aldera, Joaquín Martínezek ikerlanen emaitzak aipatu ditu: «produkzio-prozesuak ziurtatutako BIM tresnekin egiten dituzten enpresentzat % 20 ingurukoa da benetako onura, metodologia hori erabiltzen ez dutenekin alderatuta».
Prozesua konplexua bada ere, BIM ezartzean, enpresa bakoitzak egokitze-tarte bat du neurria txertatzeko. «Hori normala da; izan ere, enpresen unibertsoa askotarikoa da eta metodologia era askotan ezar daiteke», esan du Aitor Aragónek. Haren ustez, finean, «gakoa arauan jasotako eskakizunak betetzea da, baina hori egiteko modua aldatu egiten da erakunde batetik bestera, bakoitzaren egituraren edo beharren arabera».
Joaquín Martínez Matute
SGSko Eraikuntzako eta Obra Zibileko BIM arduraduna