Abian da BIM Euskadik sustatutako komunikazio-plana, enpresen eta profesionalen artean metodologiaren ezarpena areagotzeko xedea duena.
2022ko martxoaren 10a.– Euskadin, lehenengo BIM ekitaldia 2015eko urrian egin zen. Ordutik, enpresa eta profesional ugari ari dira metodologia hori lantzen, eta gero eta ezagunagoa da eraikuntza-industriaren sektorean. Euskal enpresa batzuek jada bere egin dute, arrakastaz.
Enpresarik gehienek proiektuarekin bat egitea da erronka orain. Teknologia hori ezezaguna da oraindik ere askorentzat, baina interesgarria guztientzat. Horregatik, oso garrantzitsua da zabalkunde- eta komunikazio-lana egitea, ezinbesteko pausoa baita ondoren hura txertatzeari ekiteko. Ildo horretan, Komunikazio Plana jarriko du martxan BIM Euskadi Batzordeak laster, BIM metodologiaren inguruan Euskadin egiten diren ekintzak eta lortzen diren onurak nabarmentzeko.
Sei urteko aurrerabidea eta lan asko aurrean
Euskadin dugun BIM metodologiaren betetze-mailari buruz erreferentzia gehiago izateko, interesgarritzat jo da, halaber, beste lurralde batzuekiko alderaketa egitea, eta baita eraikuntza-sistema horri buruz eskura dagoen informazioa zabaltzea ere. Horretarako, euskal profesionalen ezagutza sakona aprobetxatuko da, komunikazio-sistema arin baten bidez, webgunea euskarri nagusitzat hartuta. Profesional horietako asko BIM Batzordeko kide dira.
Parte-hartzetik sortutako eredua
2015etik izandako aurrerabidean aipagarriak dira lorpen hauek: BIM Batzordea indartu egin da koordinaziorako eta sustapenerako organo moduan (Eraikune – Euskadiko Eraikuntzako Klusterreko partaide eta sustatzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Saila batzen ditu); Sektoreko Behatokia sortu da, lurralde osoko proiektuen eta lizitazioen datu eguneratuekin; eta bilera asko egin dira, finkatutako helburuak lortzeko ekintzak zehazte aldera, eta lantaldeak eratu dira askotariko zereginak aurrera eramatearren. Alabaina, aurrerapen horretako daturik garrantzitsuenak bi ekintzatan oinarritu dira, nagusiki: batetik, BIM metodologia lizitazio publikoetako baldintza-agirietan sartzea —erabilera sustatuz eta emakida-irizpideetan jasoz —, eta, bestetik, enpresetako lan-prozesuetan metodologia txertatzea. Alde horretatik, aurrerapena esanguratsua izan da, nahiz eta aurrera begira lan asko dagoen egiteko.
Metodologia eta haren onurak —denbora eta prozesuak aurreztea, errentagarritasuna eta plangintza hobetzea— nabaritu dituzten enpresa eta profesional erabiltzaileek informazio gehiago eskatzen dute, eta gero eta gehiago murgiltzen ari dira bertan. Hasiberriek, onura horien berri izan dutenek, berriz, BIM metodologiara jauzi egiten eta eskaintzen dituen aukeren artean ez galtzen ahalegintzen dira.
Komunikazioa eta ageriko egitea
Egiten diren proiektuak nabarmentzea eta BIM metodologiarekin lanean diharduten adituen eta enpresen esperientzia ezagutzera ematea da komunikazio-ekintzen xedea. Informazio hori BIM Euskadiren kanalen bidez landu eta zabalduko da: webgunea (bimeuskadi.com) eta sare sozialak (Twitter eta LinkedIn). Bestalde, azken berriak jasotzen dituzten albisteak igorriko dira.